CASTUERA. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek eman zuen atzo datua, Extremaduran (Espainia), Castuera udalerrian: 1937 eta 1941 urteen artean Urduñako espetxean (Bizkaia) izan ziren eta erregistratuta dauden 3.981 presoetatik 2.035 Extremaduran jaioak izan ziren edota han bizi ziren; 127 hantxe bertan hil ziren. Haietako asko, aurretik, Castuerako kontzentrazio esparruan eduki zituzten; horregatik, Jaurlaritzako ordezkaria udalerri horretara joan zen atzo. «2.000 pertsona baino gehiago eraman zituzten, trenez, 700 kilometro baino gehiagora, eta, han, bakartu eta zigortu egin zituzten, bai haiek, bai senitartekoak. Zigorraz gainera, deserrotzearen krudelkeria ere izan zen», salatu zuen atzo Artolazabalek. Zendutakoak desobiratzeko lanetan ari direla azaldu zuen, eta 71 gorpuzki atera dituztela dagoeneko. Orain helburua da ahalik eta senitarteko gehienekin harremanetan jartzea, hartara, identifikazio genetikoa egin ahal izateko. Alde horretatik, lanak bide onetik doazela nabarmendu zuen: 41 familiarekin harremanetan dago jada Gogora institutua; 32k DNA laginak eman dituzte.
Ahalegin horretan jarraituko du Jaurlaritzak, Artolazabalen hitzetan. «Senitartekoek eskubidea dute gorpuzkiak aurkitu, desobiratu eta identifika daitezen; haiek ohoratzeko eskubidea, haiengatik negar egiteko, haien hilobian lore bat uzteko». Extremaduratik Urduñako presondegira eramandako preso gehienak nekazariak ziren.
Urduñan Extremadurako 127 preso hil zirela oroitu dute
1937 eta 1941 artean izan zen; hildakoak desobiratzeko lanez aritu da Beatriz Artolazabal, Eusko Jaurlaritzaren izenean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu