Afrinen aurkako erasoaldiaren azken fasea hasi du Turkiak

Erdoganek atzo «ilunabarrerako» hartu nahi zuen Siriako kurduen hiria. Urik gabe daudela salatu du NBEk.

2018ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
DAMASKO. «Espero dut Afrin ilunabar honetarako eroriko dela erabat», adierazi zuen atzo Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak Ankaran egin zuen bilkura batean. Ondoren, Hurriyet egunkariak argitaratu zuen presidentearen bulegoak zehaztu zuela Erdoganek esan nahi zuela Siriako Kurdistango hiri hori ilunabarrerako «erabat inguratuko» zutela. Hain zuzen, Turkiako Gobernuak herenegun erran zuen hiria inguratua zuela, eta YPG Herriaren Babes Unitateek —kurduen miliziek— ondoren ukatu egin zuten.

Atzo arratsaldean, Siriako Kurdistango Jazira barrutiko Atzerri Gaietarako arduradun Abdulkarim Omarrek adierazi zuen Turkiako soldaduak Afrin hirian sartu zirela, eta 32 zibil «zauritu eta hil» zituztela. Edizio hau ixterakoan, ez zegoen informazio horren berrespenik.

Afrin hirian 350.000 biztanle inguru daude, eta Nazio Batuen Erakundeko Giza Laguntzarako Bulegoak atzo salatu zuenez, ur hornidurarik gabe daude, Turkiako armadak Afrin barrutiko urtegia eta ur planta hartu, eta eten egin zuelako emaria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.