Eguraldiagatik abisu horiak eta alerta laranjak ipini dituzte

Euriagatik abisu horia jarri dute Hegoaldean, eta laranja Iparraldean. Biharko elurra iragarri dute 300 metrotik gora

2023ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
IRUĂ‘EA. Denboraleak okerrera egingo du gaur, eta, batez ere, bihar: haizea, euria eta elurra izango dira protagonistak. Hori horrela, zenbait abisu hori eta alerta laranja jarri dituzte indarrean, eta, prebentzio moduan, Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du uholdeetarako planeko alerta fasea.

Bihartik hasita: Euskalmetek alerta laranja ipini du itsasaldeko arriskuagatik eta abisu horia egongo da elurragatik Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, Arabako erdialdean, Nafarroa iparraldean eta erdialdean eta Pirinioetan. Euskalmetek iragarri du iluntzerako 400 metroan egingo duela elurra, eta Nafarroan ere 500 metro ingurura jaitsiko da elur maila. Gainera, haizeagatik ere abisu horian egongo dira Pirinioak, Nafarroa iparraldea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa. Araban eta Bizkaian, gainera, abisu horia dago prezipitazioengatik. Antzera Ipar Euskal Herrian: Pirinio Atlantikoetako prefeturak alerta laranja jarri du euri, uholde eta haize arriskuagatik. 24 orduan euri ugari egitea espero dute: 40 eta 60 milimetro artean metro koadroko, eta tokika baita 80 milimetro ere.

Biharko espero da okerrena, ordea. Elurragatik alerta laranja egongo da Nafarroa iparraldean eta erdialdean, Arabako erdialdean, Bizkai barnealdean eta Gipuzkoa barnealdean. Euskalmeten arabera, 300-400 metroan egingo du elurra, tarteka baita beherago ere. Gainera, abisu horia egongo da elurragatik Pirinioetan, eta prezipitazio iraunkorragatik Bizkaiko eta Gipuzkoako kostan eta barnealdean.

Atzo jada arazoak eragin zituen eguraldiak. Arga ibaiko oinezko pasabideak itxi behar izan zituzten, urak gainezka egiteko arriskua zuelako. Halaber, Bizkaian, Butroe eta Gobela ibaiak atera egin ziren zenbait lekutan. Belaguako portua (Nafarroa) ere itxi egin zuten elurragatik, eta kateak behar izan ziren Pirinioetako eta Nafarroa iparraldeko bost errepidetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.