Boto kontaketa alternatiboa egingo dute Katalunian

Alderdi eta eragile subiranisten konfiantzarik eza «erabatekoa» da Espainiako Estatuarekin

2017ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
BARTZELONA. Kataluniako alderdi eta eragile subiranistek boto kontaketa alternatibo bat egingo dute hilaren 21eko hauteskundeetan, Hauteskunde Batzordearen boto zenbaketa ofiziala egiaztatzeko. «Hauteskunde kanpainaren hasiera erabat ohiz kanpokoa izan da, preso politikoekin, eta Bruselan egotera behartuta dauden hautagaiekin, Espainiako Estatuaren lurraldea zapaldu bezain laster atxilotuko dituztelako», adierazi zuen atzo Eulalia Reguant CUPeko diputatu ohiak. «Horregatik, bermatu behar da zenbaketa ahal bezain garbia eta gardena izango dela».

CUP da zenbaketa alternatiboa babestu duen eragileetako bat. Besteak dira ERC, Junts per Catalunya, ANC Biltzar Nazional Katalana eta CDR Errepublikaren Defentsarako Komiteak. Proposatu dutenaren arabera, hiru alderdi independentistek arduratu beharko dute hiruen artean gutxienez apoderatu bat jartzeaz hauteskunde mahai bakoitzean, eta programa informatiko baten bidez datuak bidaliko dituzte datu base zentral batera. «Konfiantzarik eza erabatekoa da errepresore bihurtu den estatuarekin», adierazi zuen atzo Jordi Peiro ANCren idazkaritza nazionaleko kideak. «Ekintzaren bat egiten saia liteke azken emaitzek legitima dezaten». Independentistek zenbaketa alternatiboa zuzenean jakinaraziko dute Internet bidez. Gainera, Bartzelonako Unibertsitate plazan agertoki bat jarriko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.