Azken segundoan galdu du Bidasoak Plocken aurka: 28-29

Irundarrak gai izan dira bisitarien zazpi golen aldea hutsean uzteko, baina ihes egin die gero berdinketak

Jon Azkue, jaurtitzen, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
2021eko abenduaren 8a
00:00
Entzun
ESKUBALOIA. Bidasoa balentria handia egitear izan zen atzo, Artalekun, Wisla Plocken aurka, Europako Ligako seigarren jardunaldian. Balentria handia, partida amaitzeko ordu laurden falta zela zazpi golengatik zihoalako galtzen (18-25), eta gai izan baitzen kontrako alde hori hutsean uzteko (28-28). Baina azken segundoan ihes egin zion berdinketak. Daszekek eman zion errematea.

Galdu arren, meritu handia du Irungo taldeak egindakoak (Gipuzkoa), eta ez bakarrik gai izan baitzen oso maldan gora zuen partida berdintzeko, baizik eta horretarako indarra izan baitzuen koronabirus oldarraldi baten erruz bi aste pasatxo taxuz entrenatu ezinik egon eta gero. Hori guztia, gainera, Poloniakoa bezalako talde indartsu baten aurka jokatuta. Ez da harritzekoa zaleek txalo zaparradarekin agurtu izana euren taldea. Merezi zuen.

Atzokoak ez du ondorio larririk sailkapenean, Bidasoak laugarren postuari eusten baitio; hau da, final-zortzirenak jokatzeko azken postuari. Bi puntu ditu. Baina egitekoa zailtzen ari zaio: iritsiezina da ia Fuechse Berlin; oso urrun dago Plock eta ihes egiten ari da Tolosa. Itxura batean, laugarren izateko lehiatuko da Pfadi Winterthurrekin eta Tatran Presovekin. Sei partida falta zaizkie irundarrei.

Anaitasunak, berriz, gaur jokatuko du Asobal ligako atzeratutako partida, etxean, Antequeraren aurka (19:00). Nafarrek puntu bakarra lortu dute azken bi jardunaldietan, baina gaur aukera ona dute berriz irabazteko, aurkaria azkena baita: bi puntu baino ez ditu lortu hamahiru partidatan; hamar gehiago ditu Anaitasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.