Feministok Prest, gertu zita «historiko baterako»

Azken asteetan ehunka atxikimendu jaso ditu apirilaren 9an Gasteizen indarkeria matxisten aurka egingo den manifestazio nazionalak

Jon Rejado.
Gasteiz
2016ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Apirilaren 9an, mugimendu feministarentzat «historikoa» izango den manifestazio batek Gasteizko kaleak hartuko ditu. Feministok Prest indarkeria matxistaren aurkako plataformak hainbat lan egin ditu azken asteetan, eta, gaur zortzi, lan hori guztia agerian utziko dute. Manifestazioa 13:00etan hasiko da, Bilbo plazan.

«Jendartearen zati handi batek konpromisoa hartua du indarkeria matxisten aurrean erantzuteko», hausnartu du Nahike Bengoak atzo egindako agerraldian. Konpromiso hori, besteak beste, azken asteetan jasotako atxikimenduetan antzeman dutela jakinarazi du Bengoak. Euskal Herriko eta nazioarteko 255 eragilek babesa eskainia diote manifestazioari. Mila norbanakok baino gehiagok atxikimenduak jasotzeko orrietan izena eman dute, eta beste 500ek baino gehiagok argazki bat jarri dute sare sozialetan Feministok Prest! afixarekin.

Antolatzaileek orain arte jasotako erantzuna nabarmendu dute, eta azken astean atxikimenduak eta parte hartzea handitzeko deia zabaldu dute. «Asko gara, eta gehiago izango gara!», iragarri du Bengoak.

Bestalde, indarrak bildu ez ezik, administrazioko ordezkariekin ere bildu dira mugimendu feministako ordezkariak, Feministok Prest egitasmoaren harira. Bilera horietan administrazioek indarkeria matxistei aurre egiteko zenbait konpromiso hartu zituztela oroitarazi dute, eta gaur-gaurkoz ez dituztela bete ondorioztatu dute. Besteak beste, behar beste baliabide bideratu ez izana leporatu diete, eta hitzartutakoa betetzen dutela gainbegiratuko dutela gaineratu dute.

Egun bete ekitaldi

Manifestazioaz gain, hamaika ekitaldi egongo dira hirigunean, 11:30etik iluntzera arte. «Apustu handia egin dugu apirilaren 9koa manifestazio soil bat ez izateko», zehaztu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.