ZUZENDARIARI

COVID ziurtagiriari ez

Imanol KaƱamares Muguerza.
Berriozar
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Pandemia amaitua zela esan zuten berberek diote oraindik ez dela guztiz bukatu, neurriak hartu beharrean gaudela berriro. Ez adarrik jo! Pandemia kapitalaren interesen arabera kudeatzeak ondorioak ditu, eta sarraskia itzela izan da.

Orain, neurri guztiak indargabetu eta bi hilabete eskasera, kontrol sozialaren aldeko apustua egin dute, legedi burgesak berak zalantzan jartzen duen neurri batekin. Badirudi birusak ez duela ekoizpen esparruan eragiten, neurri guztiak alor sozialean hartzen dira eta. Gerrikoa estutu behar da, baina beti berdinek estutzen dugu, BPGa jaistea baino okerragorik ez ei dago.

COVID ziurtagiriaren kasuan kontua ez da soilik ez dela eraginkorra, baizik eta, gainera, ez dela bidezkoa eta oso aurrekari arriskutsua izan daitekeela. Austriako astakeriaren aldean, hemengoa neurrizko eta pragmatiko gisa saldu nahi izan digute. Ezin dugu onartu pandemiaren aitzakian oinarrizko askatasunak urratzea, lehenago ere biltzeko edo manifestatzeko eskubideekin egin izan duten bezala. Kapitalaren modernizazioa eta langileriaren menpekotasuna handitzea beste helbururik ez duen eraso hau gelditu behar da.

Osasungintza indartu eta birusa errealki geratzeko neurriak hartu beharrean, ofentsiba farmakologiko eta autoritarioa abiatu du burgesiak, eta langileria jopuntuan jarri. Hau guztia alderdi politiko guztien aho bateko adostasunarekin. Oligarkia farmazeutikoak txertoekin egin duen kudeaketak aparteko kapitulua behar luke.

Zer egin, baina? Hamaika neurri har litezke, baina adituen iritziak interes partidista eta politikoei kontrajarrita. Doako autotest eta maskarak jartzea, aireztapen egokia bermatzeko baldintzak jartzea, eskoletako ratioak jaistea, konfinatuei edo gaixoei laguntzak ematea...

Txertoaren kontuarekin, eta txertaketa unibertsalaren garrantziaz jakitun, uste dut jende askok txertoa ez hartzearen arrazoi nagusiak pandemiaren kudeaketa eskasa, sinesgarritasun falta eta beldurraren zabaltzea izan direla. Ezkutuko derrigortzea ezin da inolaz ere soluzioa izan.

Epe luzera, langileriaren kontrolpean egongo den eta doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala izango den osagungintzaren ezarpena borrokatu behar dugu, gure beharrizanak erdigunean izango dituena eta ez kapitalaren balorizazioa.

Alderdi politikoen eta zentzu sasi sanitarioaren aurrean, burgesiaren ofentsiba gelditu dezagun. GKSko kideek dioten bezala: farmazeutiken eta enpresari handien interesei erantzuten die; kontrol sozialerako bitartekoa da; eta ez da osasun arazoaren aterabide errealik planteatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.