ZUZENDARIARI

Teknologia, onartuta eta normalizatuta dagoen droga

BeƱat Sarralde Goitia.
2022ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Egungo gazteon bizimodua asko aldatu da duela hamarkada pare batzuekin alderatuz. Honetan eragiten duten faktore anitz daude, baina teknologia da haietako esanguratsuena edota nabarmenena.

Kaletik buelta bat eman eta ia leku guztietatik gazteak aurkitzen dituzu mugikorrari begira. Askotan talka egitear egon dira nirekin, ibiltzen noan bitartean. Askok zebra bideak pantailatik begirada altxatu gabe gurutzatzen dituzte. Bideoak etengabe ikusten, bolumena altu izanda herriko jaietako bozgorailu bat balira bezala. Kaleak begiratzean estimulu handirik ez duenez gizakion begi bistak jasotzen, mugikorrean errefuxiatzen dira. Gero eta ohikoagoak bihurtzen ari dira estimuluz betetako ekintzak eta azkarrak direnak, prozesu honetan teknologiak zerikusi zuzena izanik. Netflixeko pelikula baten zati bat asko ez gustatzean, azkar bilatzen da beste bat. Horregatik, ez gaitezen harritu entzutean gero eta gutxiago irakurtzen direla liburuak, artikulu luzeak... Denbora asko darama eta askotan zaila da testu luze bat irakurtzearen prozesua. Bien bitartean, gazteok alfertzat izendatzen gaituzte, edota irakurtzea gustatzen ez zaigula diote, ahazturik teknologiak eragin handia duela honekin.

Gainera, aparatu elektroniko hauek txikitatik erabiltzera hezten gaituzte hezkuntza-sistemaren bidez. DBHn gailu hauek ia eskola guztietan erabiltzen dira, halabeharrez. Eta zer ez esan batxilergoari buruz. Ordenagailuak LHra heltzen ari dira azken urteotan, ume gero eta txikiagoengan normalizatzen ari da horien erabilera. Klaseko lan eta informazio asko Classroom bezalako plataforma digitalen bidez bidali eta jasotzera behartuta gaude gazteak. Hala eta guztiz ere, teknologiekiko adikzioaren errua guri, gazteoi, leporatzen digute askotan.

Sakelako telefonoak gure bizitzetan sartu dira, luzerako. Teknologiek adikzio itzela sortzen dute, eta txarrena da gaztaroan gauden gehiengo handi batek erabiltzen ditugula. Salbuespen txikiak egon arren, ez dago ia inor mugikorra erabiltzen ez duenik gaur egun. Teknologiek gure bizitzak guztiz aldatu dituzte, eta batek daki nola biziko garen hamarkada batzuk barru.

Halere, pantailetan kalitatezko eduki gutxi kontsumitzen da. Ez dago inolako arazorik teknologiak futbola, memeak, bideojokoak... ikusteko edo erabiltzeko. Baina gutxik erabiltzen dituzte berriak irakurtzeko, ikasteko edozer gauza berria, politika gaiak irakurtzeko... Horrek pentsamendu kritikorik ezaren prozesuan lagunarazten du. Hau hezkuntzatik datorren beste arazo bat da. Zergatik sinetsi behar dugu irakasleek dioten dena? Zergatik sinetsi behar dugu historiako apunteetan agertzen dena guztiz egia dela? Klaseetan jasotzen duguna barneratzen irakasten digute. Baina ez galdetzen ea zergatik den horrela eta arrazoinamendua garatzen.

Halaber, sare sozialetan askotan manipulatutako mezuak agertzen dira eta jende askok sinisten ditu, idatzitakoa zalantzan jarri gabe. Hori askotan ikus daiteke autoritate argudioak erabiltzen direnean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.