ZUZENDARIARI

Garena erakutsi nahian

Bedia.
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Axular kultur elkartean 22:00ak dira. Edalontzien txilin-hotsek bat egiten dute noizbait jendearen berbaroarekin, eta ingurumarian nagusi dira garagardoa, kea eta Arratiako gazteen itzalak. Ni, ordea, neure baitan bilduta nago, ezin baitut burutik kendu irakurri berri dudan esaldia: «garana agertu beha june».

Nokaren edo andrazkoen hitanoaren pizkundea ez da bart arratseko kontua, izan ere, aspaldion ikerketa teoriko-praktiko eta egitasmo nahikotxo abiatu dira lagunarteko hizkera hau emakumeen artean berpizteko. Beharbada, eskualde edo herrialdearen arabera, hikak berak ez du zertan izan aparteko xarmarik, baina ni bezalako kalekume batentzattratamendu honek duen exotismoa ukaezina da. Istant batez gure aiton-amonen garaira hurbil gaitzake, euren moldera, euren hizkera aberats eta kutun horretara, eta, zergatik ez, kasu batzuetan euskaldunago sentiarazteko boterea duela uste dut; nire kasuan, sikiera.

Arratia-Nerbioi eskualdean, kasurako, gizonezkoen ahotan baino ez da entzuten hika, andrazkorena ia-ia erabat baztertubaitzen joan den mendean zehar, baldarra eta mari-mutilena zelakoan. Haatik, galeraren zergatiek aparteko kapitulua beharko lukete, baina emakume bati baino gehiagori entzun diot hika aisialdiko edo tabernako kontua zela; bada, ahal izatekotan, nork goza zezakeen aisialdiaz edo tabernez orain ehun urte, gizonek edo emakumeek? Pentsa liteke XXI. mendeak balazta oreka lezakeela hitanoari dagokionez.

Zorionez, badirudi Euskal Herriko kolektibo desberdinak, belaunaldien arteko harremanak sustatuz, noka suspertzearen alde zein berreskuratzearen alde egiten ari direla. Biba zuek! Bada, ongi etorria eman diezaiogun erronka berri honi. Arratiako bailaran ere, oso modu apalean, horretan gabiltza, horretan dabiltza han-hemengo emakumeaketa gizon gutxi batzuk ere noka eurena, geurea, egin nahian, ahora ekarri nahian; eta, zergatik ez, hasieran aipatu bezala, garena agertu edo erakutsi behar dugulakoan, garena erakutsi nahian!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.