ZUZENDARIARI

Oximorona

Bedia
2021eko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Gogoan dut orain urtebete, etxeratu gintuztenean, gure zentroan sortu zen iskanbila kolosala izan zela. Nonahi barrunda zitekeen zalaparta hura: institutuko atarian, pasabideetan, komunetan, irakasle-gelan, zuzendaritzan, autobus-geltokian, frontoian, jantokian, ikasgeletan zein kafe-makinaren aldamenean. Gasteizko eskolak eta bigarren hezkuntzako zentroak ateak ixten aurrenekoak izan ziren, lautadako hiriburuko umeak eta gazteak birusaren kutsatzaile ikusezinak zirelakoan. Usteak erdia ustel. Arin heldu zitzaien itxiera Euskal Herriko, Espainiako eta mundu osoko ikastetxe askori. Beldurrak edota ezjakintasunak sortutako hasierako euforiari, ordea, adio esan genion berehala, eta ordenagailuetako teklatu hotsak gailendu ziren askoren etxean.

Halabeharrez, egunek, asteek eta hilabeteek aurrera egin dute, tantaka, COVID-19a itogin erraldoia bailitzan. Tantakada bakoitzarekin, batzuetan itxaropentsu, beste batzuetan ezkor, mamuari so egiten diote nerabeek erabateko normaltasuna—askatasuna— eskuratzearen zain.

Joandako ikasturte beltzean tentsioa, estresa, nekea, motibazio eza eta tankera horretako izenondoak nagusitu ziren ikasleen jarraipena egiten genuen heinean; izan ere, inor ez baitzen bestelako adjektiboak erabiltzera ausartzen gazteek bizi zuten ataka deskribatzeko. Sarritan, Felix Iñurrategik anaia gazteari aspaldi esandako esaldi eder hura gogora ekartzen nuen, eta ikasleei «Bihar ere eguna argituko dik» errepikatzen nien, lagungarria gerta zekiekeelakoan. Lagungarria ote?

Ilusio hutsa izandako uda agurtu bezain laster, ikasturte berriarekin batera irakasle asko euritako sorta banatzen saiatu ginen, sikiera, hasieran aipatutako itogin erraldoiak isurtzen zituen tantakadek gehiago higatu ez zezaten gure gazteen adorea. Zoritxarrez, ez da guztientzako adina egon; ez adorerik, ez euritakorik, alegia.

Dagoeneko ikasturtearen azken txanpan gaude, loraila hur dugu, 17 eta 18 urteko gazteentzat maiatza baita udaren ataria, baina, tamalez, gure etorkizuneko kimuen aldartea zabuka dabil.

Ikasgeletan ez dute gehiegi esaten. Beharrik ez, ordea, jakin baitakit dagokien askatasuna eskuratzeko zain daudela. Egia da, bai, azken boladan itxaropenerako tenorean bizi gara, datu epidemiologiko baxuei eta hezkuntza sisteman hasi berria den txertaketari esker. Hala ere, askok, niri horrela aitortuta, garrasi egin nahi dute, baina ez dira gai, ez bada kostata eta negar-anpuluka euren miseriak entzuten dituen terapeutaren aurrean. Txertoak txerto, soilik espero dut garrasi mutu eta isilak laster amai daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.