ZUZENDARIARI 

1.000 informatikari euskaldun Bikain

Kepa Sarasola.
EHUko informatika fakultateko dekanoa.
2016ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Enpresetan euskara modu egokian erabiltzen dela ziurtatzeko erabiltzen da Bikain ziurtagiria. Orain arte enpresetan bakarrik aztertzen zen hori, baina aurten unibertsitateko zentroekin ere hasi dira. EHUko Errektoregotik udaberrian eskatu ziguten informatika Fakultatea aurkezteko... eta azterketa guztiak gaindituta abenduan lortu dugu ziurtagiri hori!

Ez zen erraza. Paper pilo bat bete behar izan dugu. Gainera, orain arte ziurtagiria enpresetan bakarrik erabili denez, batzuetan enpresa-giroan bakarrik ulergarri diren datuak betetzeko eskatzen ziguten. Galdetzen zuten ea nor den fakultatearen bezeroa eta ea pozik dauden euskaraz ematen zaion zerbitzuarekin. Eta nor da gure bezeroa? Nor da bezeroa unibertsitatean? - Ikaslea? Matrikula ordaintzen digulako? Euskarazko irakaskuntza-material pila sortu dugu urteetan zehar... Eta segitzen dugu... UEU bidez argitaratuak, UPV/EHU zerbitzutik, Elhuyarrekin eleta UEUrekin elkarlanean... Opencourseware plataforma irekian... Gradu osoa euskaraz egiteko aukera eskaintzen diogulako aspaldidanik? - Gizartea? Eusko Jaurlaritza?

Behar diren profesional berriak euskaraz prestatzen ditugulako? Ikerketaren bidez gizarteak mundua hobeto ezagutu dezan lagundu dugulako? Bizimodua errazteko konputagailu eta programa berriak sortzen ditugulako? 32 urtetan 1.000 informatikari euskaldun baino gehiago plazaratu ditugulako?

—Euskaltzaindia?

Informatikan erabiltzen den euskara fakultatean sortu dugulako?

—Euskaltzaindia, Langune, euskal kultura, eskola, euskaraz lan egin duen oro?

Mundu digitalean euskara erabiltzeko tresna eta baliabide anitz sortu ditugulako? Zuzentzaile automatikoak, itzultzaileak, bilatzaileak, hiztegiak, gramatikak eta abar sortu ditugulako?

Bai, zaila izan da identifikatzea zein diren gure bezeroak. Baina hori eginda erraz identifikatu ditugu gero Informatika Fakultatean 1984tik egin dugun lan eskerga (ikus https://labur.eus/l06mJ) eta 2016an gure bezeroei euskaraz eskaintzen dizkiegun zerbitzuak. Ez gara perfektuak, ez. Zertan hobetu badugu, noski. Baina euskara biziberritzeko bidean goaz eta horretan eragile nagusietako bat da UPV/EHUko Informatika Fakultatea. Bikain!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.