ZUZENDARIARI

Agur, Patxo Iturrate, kantari fina

2023ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Kantari fina izan da Patxo Iturrate, 1972. urtean kantuan bakarlari legez lehenik, Ohiartzunak Arratiar talde ezagunarekin gero; Parisen grabatu zuten Maite Idirinekin batera beraien lehen diskoa. Zurrumurru izeneko taldean jardungo zuen geroago eta Arratiako koruarekin batera ere urte askoan ibili izan da.

Zenbat aldiz kantatuko ote zuen Arratiako koruarekin: «Zorion etxe hontako denoi, oles egitera gaztoz... Ez gagoz sano aberats diruz, ez eta oinetakoz, baia sameaz ondo gabiz ta kanta gure dogu gogoz». Eta halaxe da, gozo eta gogoz kantatzen zuen Patxok eta samea (eztarria) hemengo kantarion artean, onenetan onenetarikoa zeukan.

Neu kantuan hasi aurretik, bere kolore ederreko ahots gozo eta sendoa guztion gustukoa zen. «Amaiur gazte baltz hori» entzuten genion kantatzen eta Maitasuna kantuarekin Abra saria irabazi zuen, liluratzen gintuen bere ahots ederrez: hori dok gustua hori! Aparta! «Itxaropen luze eta samingarria, noiz gure bihotza izango alkarrez».

Abra sari haietatik atera ginen hainbat kantari berri, oker ez banago Estitxu kantaria lehen urtean, Patxo Iturrate, Natxo de Felipe, Xeberri eta ni neu ere.

Hil aurreko egunean, ospitalean zegoela, bere sendiari eta urko lagunei azken agurra bidali zien: «Eskerrik asko danori zuon bizitzako zati bat nigez konpartitzearren. Ez dot gure izan jende asko joan-etorrien ospitalean bisitak mugatute egon direlako be. Gure dozuenok agurtuko nozue lo nagoenean. Munduko besarkadarik handiena danontzako».

Ederra eta estimagarria bere azken agurra: «Ni banoa, ondo bizi zaiteztela!». Horixe eskatu zigun, besteak beste, Maitasuna kantu ederra sortu eta hain gustuz kantatzen zigun arratiar kantariak.

Halakoxea genuen Patxo Iturrate kantari fina, Dimako lurraldean jaio bazen ere, beti areatzar eta villarostartzat eduki genuen guztiok.

Goian bego, Patxo; kantua bizipoza zen zuretzat, eta ahal dugun neurrian, hemen, zeure herrian, kantuan jarraituko dugu. Zeuk zenioen moduan: segi kantetan eta ondo bizi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.