ZUZENDARIARI

Eta orain zer?

2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Aurtengo Oporrak Bakean programan parte hartu baduzu, seguru asko penaz egongo zara eta uda honetan haur sahararrekin konpartitutako uneak behin eta berriro gogoan izango dituzu. Agurra gogorra da; are gehiago, hemen denetarik edukita hamada (ezer ez dagoen lekua) izeneko eremura doala dakizunean. Neurri handi batean, bere familiarekin, lagunekin, herriarekin joateak lasaitzen gaitu; azken batean, ez dago amaren altzoa baino babesgune hobeagorik. Bestalde, agian uda honetan zoriontasunaren zentzuaz pentsatu edo gogoeta egin duzu eta, haurrarekin eduki dituzun elkarrizketak direla eta, ohartu zara gutxirekin zoriontsua izan ahal dela, eta orduko 200 kilometroko abiaduraz doan burbuila batean bizi garela, eta horrek ez digula uzten pentsatzen. Haur hauen egonaldiak, nolabait esatearren, geldiarazten eta pentsarazten digu.

Nola lagun dezakezun galdetuko diozu zeure buruari behin programa bukatuta. Hemendik egiten den ikusgaitasun lana ezinbestekoa da; bada, lagundu, egin bazkide hurbilen duzun Saharar Herriaren aldeko elkartean, zoaz manifestazioetara (azaroan urtero antolatzen da bat Madrilen eta jendetsua da), elkartearen hurrengo topaketetan parte hartu, diaspora sahararrarekin harremanetan jarri, kontatu zure auzokideari uda honetako esperientzia eta Saharar Herria harriz eta hareaz beteriko leku babesgabean bizi dela, bai eta erabat ahaztuta daudela ere begi urdinak eta ile horia ez dutelako, hortaz, bigarren mailako errefuxiatuak direla. Interesgarria litzateke zure auzokideak jakitea Saharar Herria ere badagoela gudan, 2020ko azaroan Marokok Saharako biztanleriari eraso egin zionetik El Guerguerat igarobidean.

Bukatzeko, bide honen hurrengo urratsa da zurekin uda eman duen haurrari bisita egitea. Inoiz ahaztuko ez duzun esperientzia da. Hortaz, abenduan burbuilatik ateratzera eta maleta egitera animatzen zaitut. Gurean dagoeneko ari gara. Egin dezagun bat!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.