Brasilgo Munduko Kopa

Harrokeria gutxi

Argentina-Belgika eta Herbehereak-Costa Rica final-laurdenak jokatu dira gaur.Aurrenekoan, ez dago faboritorik; bigarrenean, europarrak

Lionel Messi eta Angel di Maria, Suitzaren aurkako gola ospatzen. D. AZUBEL / EFE.
Julen Etxeberria.
2014ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Gaur geratuko dira zehaztuta finalerdiak. Final-laurdenetako azken bi kanporaketak jokatuko dira. Argentina eta Belgika izango dira elkarren aurka ariko diren lehenak, Brasilian (18:00, Tele5, Gol T eta C+Frantzia). Lau ordu geroago, berriz, Amerikako selekzio bat eta Europako beste bat izango dira aurrez aurre, Salvador de Bahian (Gol T eta C+Frantzia): Herbehereak eta Costa Rica. Bi kanporaketako irabazleak elkarren aurka ariko dira datorren asteazkenean, Sao Paulon, gaueko hamarretan.

Argentinarren eta belgikarren artekoan izenari erreparatuta, amerikarrak lirateke faborito, baina izena ez da izana, eta Argentina selekzio fidagarri bat izateko oso urrun dago. Jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, bai, baina oso itxura eskasa eman du guztietan. Lionel Messi eta Angel di Mariarengatik ez balitz, aspaldi legoke etxean.

Oso bestelakoa da Belgikaren egoera. Europako selekzioak ere jokatu dituen partida guztiak irabazi ditu, baina argentinarrekin alderatuta, belgikarrek oso itxura ona eman dute. Horregatik, ez litzateke horrenbesteko ezustekoa izango Belgikak Argentina kanporatzea. Messik egiten duenaren mende egongo da hein handi batean norgehiagoka horren emaitza. Bartzelonako jokalaria azalduz gero, bide asko izango du eginda Hego Amerikako selekzioak.

Erasoari horma

Herbehereen eta Costa Ricaren arteko lehian, berriz, faborito bat dago: Herbehereak. Etxera itzultzeko oso gertu egon ziren final-zortzirenetan, baina azken uneanbuelta eman zioten galdua zuten neurketari. Epaileak ere pixka bat lagundu zien, partida amaitzear zegoela ez zen penalti bat adierazita. Horri esker kanporatu zuten Mexiko. Estutasunak estutasun, txapeldunordea selekzio sendoa da, eta apenas erakutsi duen ahulunerik. Oso argi utzi du, ordea, bere indargunea: erasoko jokoa.

Erasoko joko horren aurka horma eraiki nahi du Keylor Navas Costa Ricako atezainak. Navas txapelketa ikusgarria egiten ari da, bere selekzioa egiten ari den parekoa —inoiz ez zen horren urruti iritsi—. Gaur beste ezuste bat eman nahi du. Presio gutxi du, aspaldi gainditu baitzuen helburua. Horrek arriskutsu egiten du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.