Literatura

Gonbita, irakurtzera

Bixente Serrano Izko.
2011ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Ezin konta ahala iturrik bihurtzen du ibai erreka. Halaxe Pablo Sastreren saiakera-liburuak, bai aurreko Gauzen presentzia, bai gaurko Gizajendearen ahitzea hau. Bere narraziogintzan ere, gustukoa du agerian uztea bere iturriak, eta ez erudizio-ariketa gisa, baizik eta, 2003an berak erran zuen bezala Eguzkipekoak-eko aitzin solasean, «azken batean, nire bizitza, hein handi batean, besteen bizitza baita»; bertze era batean ere irakur dezakeguna: alegia, bertzeek ere egin bainaute neu naizena.

159 fitxa bibliografiko —erran nahi baita, hitzez hitzezko edo zeharkako aipu zehatz— du 140 orrialdetako saiakera honek. Oker ez banabil neure kalkuluetan, 121 idazleren 128 liburu edo artikuluren berri ematen digu Pablo Sastrek. Eta berri ematen digula diot, nahita, zeren eta, liburua leitu ahala, ongi ere ongi konturatuko baita irakurlea zein gutxi duen pedantekeria sasi-akademikotik edo erudizio-erakuskeriatik horrelako janzkera intelektualak, eta zenbat duen, ordea, gonbitetik, irakurleari, iturrietara joatera, egilearen pentsamendu-ibaiari sakonera eman dioten urbegietara.

Gizajendearen ahitzea tituluak berak adierazten digu liburuaren filosofia, eta azpitituluak —Gizon-emakumeen sentimenduez hirugarren industria-iraultzaren garaian (2009)— zehazten du non ikustarazi nahi digun geure «ahitzea». Gai anitz jorratu ditu Pablo Sastrek: gure gaurko munduko hiriak «lehen landa-aldea zena ere» irentsi du eta «ez du mugarik onartzen», gure «sentimenduen espazioa» berrantolatuz; emakumeen arazoak betiko «gizonen eskualdea» bereganatzeko; haurrak haurtzarotik erbesteratu beharra, derrigorturiko eskola dela medio, non «haur asko, edo ez dira iristen, edo mortal aspertzen» diren, baina otso batzuk behiala zakurtu egin ziren bezala, horrelaxe bezatu behar euren burua gaur haurrek ere, nahiz eta nork bere burua, eta bada paradoxa, «jan-hondar batzuen truke» «betiko umezarora eta dependentziara kondenatu», hots, haurtzarotik erbesteratu betiko umezaroan hertseko; lan egitea edo lana izatearen arteko talka; gaurko «ontsa hiltzeko bidea», gorputzari dagokion baina gaixoaren kontzientziatik at gertatzea nahi duguna, halako moldez non azkenean «heriotza klandestinoki sartuko da(n) gelan» eta «kasu gehienetan pazienteak, azkenerako, ez du(en) jakiten bizirik edo hilik ote dagoen»; irudien nagusitasuna, errealitatearen mundua berrantolatzen diguna, noraino eta «begi modernoak ez du gehiago ikusten errealitatea besarkatuz, Begi modernoak errealitatea eskaneatu egiten du», horraino; gaurko laguntza-sistemen ifrentzua, interes ekonomikoa alegia… Gai paradoxikoak, errotik aldatu direnak iraganeko historia osotik gaurko egoera berrirako bidean, gizajendea ahitzen eta haren sentimenduak berreratzen doan bide globalizatu honetan, zorion bila aitzakia betiere, baina norabide jakinean: denon «ezinegon eta noraez horiek guztiak, jendeen adimena eta bizi-ahalak oro, produkzioaren legeetara plegarazi, etekinaren arrazoietara erakarri nahi dira».

Idazleak bere irakurketak gidari, baina pertsonaia batengan, Pedrorengan, haragiztatzen ditu tarteka-marteka hausnarketak, berauek esperientzia pertsonalekin lotzen dituela adierazi nahian. Izan ere, ongi barneratu eta digerituriko irakurketak dira eskaintzen dizkigunak, bere bizipenei buruzko gogoetekin kontrastaturikoak. Eta ohi duen idazkera atseginak —ezkorra izan arren— gonbit eskergarria egiten digu guk geuk ere igo gaitezen, geure esperientzia bizkar-zorroan, bere Nilo ibaiaren iturrietara, bere idazle gidariengana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.