LITERATURA. 'KONDENATU BATEN AZKEN EGUNA'

Heriotza zigorraren burugabekeria

Bixente Serrano Izko.
2010eko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Victor Hugo idazle handiaren obren artean, ez dute hau haren lan nagusietakotzat jotzen ohiko adituek. Eleberri labur-laburra, halako su militante batek bultzatua, konpromisozko lantzat jo ohi da. Ene ustez, ordea, harribitxi bat eskaini zigun idazleak narrazio honekin. Literatura erromantikoaren garai haietan, kontatzeko bide berriak ireki zituen, geroago —baita gaur ere— arrakasta handiz eta zorionez jorratu direnak.

Bide berezi batetik plazaratu zuen nobela hau, 1829an. Legebiltzarkide zen Victor Hugo, eta hurbil zegoen eztabaida bat heriotza zigorrari buruz. Zigor mota horren kontra zegoen gure idazlea, gaztetan gillotina ezagutu zuenetik, eta Parlamentuko eztabaida eta berak eginen zuen diskurtsoa girotzeko asmoz, obra hau idatzi eta hedatu nahi izan zuen, sinadurarik gabe. Azkar izkiriatu, beraz, eta presa sartu zion editoreari garaiz argitaratzeko. Astindu ederra suposatu zuen eleberriak. Bi urtetan bortz argitalpen, eta borzgarrena bai bere izenarekin sinatu.

Inoiz ez zioten barkatu heriotza zigorraren aldekoek, eta haren jarrera gutxietsi ez ezik, obraren balio literarioei ere uko egin nahi izan zieten: ez zuela adierazten nor zen kondenatua, zein klasetakoa, zer krimenengatik… hain zuzen, Victor Hugok propio ibili nahi izan zituen elipsi literarioengatik, maisuki ibili ere bere helburura galbiderik gabe heltze aldera. Hortxe baitzegoen koska: jakinen bagenu nor den kondenatua eta zein krimena, ez genuke izanen esku artean heriotza zigorraren kontrako obra bat, baizik eta kultura bateko, estatus bateko gizon baten eta krimen zehatz batengatiko heriotza zigorraren kontrako bertze bat. Izatez, 1829an Frantzian delitu mota anitz baldin bazegoen oraindik zigor horren pean, asko murriztu ziren handik hiru urtetara —bertzeak bertze, delitu politikoengatiko heriotza zigorra ezabatuz— lege berri batekin: bada, lege honen kontra ere oldartu zen Victor Hugo, guztiz ezabatu ez izanagatik horrelako kondena. Are gehiago, kontuan harturik itzal handiko bi politikariren bizitza salbatzeagatik murriztu zutela heriotza zigorra.

Lehen pertsonan, ongi idazten dakien —hezkuntza oneko, ertain edo goiko klaseko edozein izan daitekeen— kondenatu baten gogoetak eta inpresioak dira. Azken egunean bizi eta ikusten dituen eszenak deskribatzen ditu: kartzelako giroa eta mugimenduak, bertze kondenatuen ibilerak galerietan, patioan edo lan bortxatuetan, bere barneko erreakzio eta asaldurak horren aurrean, bere barne borrokak justizia sistema eta kondenaren aurrean, duda-mudan betiere zer nahiago duen, edo hil edo langile bortxatu haien biziraupena… Krimena aitortu bai, baina ez da inondik ere damu egin duenaz, ez du ikusten zertan eskatu barkaziorik, ez du bere bizitza birpasatzen, gehienez ere bere amaz, emazteaz eta alabatxoaz gogoratu eta kikilduko da, haien etorkizunaz.

heriotza zigorraren kontrako diskurtso filosofiko espliziturik gabe, narrazioak berak, eta baliabide ekonomia hunkigarri batekin, aurkeztuko digu zein alferrikako den horrelako neurria, bai krimen kopuruak murrizteko, bai gizartea bera hobetzeko, bai justizia gogo batetik, bai mendeku egarriaren aldetik, eta zer arazo gehiago sortzen dituen zigor horrek, konpondu nahi izanen litezkeenak ez konpontzeaz gain. Gehienez jota, kondenatuaren barne-degradazio patetikoa eta zigorraren ikusleen morbo burugabea —edozein ikusle izan baitaiteke hurrena urkabean— asebetetzea lortuko du.

Eskertzekoa, zinez, harribitxi honen euskarapena, hala itzultzaileari nola argitaletxeari.

Egilea: Victor Hugo.

Itzultzailea: Juan Mari Agirreurreta.

Argitaletxea: Elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.