Boskimanoak diamanteen truke

Botswanako Gobernuak boskimanoak euren erreserbatik kanpo eduki nahi ditu, interes ekonomikoak tarteko; indigena horien eskubideak etengabe urratzen direla salatu berri du NBEk.

2010eko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Afrikaans hizkuntzan du jatorria boskimano hitzak, eta oihaneko gizakiak esanahi du. Boskimanoak definitzen dituen hitza, baina, kanporatuak izan liteke; berenlurretatik kanporatuak. Botswanako boskimanoen egoera mahai gainean ipini du berriz ere Survival Internationalek. Erakundeak lan eskerga egin du urteotan nazioarteak indigena horien egoera aintzat har dezan, eta horretan beste ahalegin bat egin du egunotan; beste salaketa bat. Gobernuak 50 boskimano atxilotu ditu azkenaldian, euren lur propioetan ehizatzeagatik, eta, gainera, beraien ahuntz talde txikiak erreserban sartzea debekatu du, ehiza baimenak bertan behera utzi ditu eta ur putzuen erabilpena debekatu du lehorte gogorreko garaian.

Lurrak beharrizanak asetzeko baliabideak ematen dituela jakin badakigu, baina askotan agortu egiten dira. Eta agortze arrisku daukaten baliabide horiek negozioa egiteko baliatzen dute batzuek. Diamanteak, kasu. Botswanan harribitxi horien aztarnategiak daude, boskimanoak bizi diren lurraldeetan. Eta hortxe dago gakoa. Nazioarteko diamante enpresek begiz jo dute boskimanoen lurra. Eta Gobernuak, interes ekonomikoak tarteko, boskimanoak kanporatzeko politikari eusten di.

Mothomelo komunitateko ur putzu batetik hartzen zuten ura boskimanoek kanporatuak izan baino lehen. Kamioi batek garraiatzen zuen ura hilean behin erreserban. Baina zerbitzu hori eten zuen Gobernuak. Ura biltzeko urtegiak ere kendu zituen, eta orduan lapikoetan biltzen zuten ura boskimanoek eta, bestela, meloiak edo sustraiak erabilita: Baina hori, kanporatuak izan aurretik zen.

Errepresioa

Baina ura ez dago debekatuta denentzat. 2007ko maiatzean, Hegoafrikako De Beers diamante konpainiak gope izeneko komunitate boskimanoan kinberlita motatako harri meategi bat aurkitu zuen. Hara joan, hornikuntzak eraiki eta ur ekoizpena erabiltzeko baimena lortu zuen. De Beers gaitzetsi izan dute, odolezko diamanteen merkatuan ibiltzea maiz egotzi diotelako. Sierra Leonako gerra zibila sustatu duela ere leporatu izan diote. De Beers enpresak aztarnategia Gem Diamonds enpresari saldu zion 34 milioi dolarren truke -Kalahari Erdiko erreserban 2,2 bilioi dolarreko balioa duen meatokia dagoela dio enpresak-. Petra Diamonds enpresa ere erreserba miatzen ari da.

Kalahari Erdiko erreserban gana, gwi eta tsila etniako boskimanoak bizi dira. Erreserba hori boskimanoen bizimodua babesteko sortua izan zen. Baina 80ko hamarkadaren hasieran, diamanteak topatu zirenean, Botswanako Gobernuak iritziz aldatu eta erabaki zuen boskimanoak sobera zeudela erreserba hartan. Egoera hori ikusirik, Nazio Batuen Erakundeko indigenen eskubideak babesten dituen ordezkariak, James Anayak, beste behin boskimanoen kontrako errepresioa salatu du. «Erreserban geratu edo bueltatzen saiatzen diren indigenek baldintza oso gogorrei egin behar diete aurre ur eskasiagatik. Egoera erraza da konpontzen, ur putzuak berriz martxan jartzea. Gobernuak horixe eginbehar du», adierazi du Anayak Survival International erakundearen eskutik.

1997, 2002 eta 2005. urteetan indigenek errepresio gogorra jasan zuten, eta ia boskimano guztiak kanporatzea lortu zuen Gobernuak. Etxeak arakatu zituzten, eskolak eta osasun zentroa itxi eta ur hornikuntza deuseztatu. Mehatxatu eta kamioietan kanporatu zituen.

Egoera larri hori dela eta, 2002an boskimanoek auzitara eraman zuten Gobernua. Nahiz eta boskimanoak Botswanako biztanle pobreenak izan, herrialdearen historiako auzi luzeena eta garestiena bihurtu zen. Mila boskimano inguru aurkeztu ziren akusazio gisa, baina horietatik %12 hil egin zen justizia itxaroten. Epaiketa iraun bitartean, boskimanoen eskubideak babesten zituen klausula ezabatu zuen Konstituziotik Gobernuak. Baina Survival Internationali esker, boskimanoek euren eskubideen alde borrokatzen jarraitu zuten.

Alkoholismoa eta ihesa

Egun erreserbatik kanpo ezarritako zelaietan bizi dira boskimano asko, beldurrez, beraien arbasoen lurrarekin amesten. Ehiza egiten badute, lehendabizi jo eta gero atxilotu egiten ditu Gobernuak. Alkoholismoan eta tuberkulosia edo ihesa gaixotasunetan harrapatuta bizi dira kanpaleku horietan.

Egoera bortitz hura 2006an amaitu egin zela uste izan zuten askok. Urte hartako abenduaren 13an liskar legala irabazi zuten boskimanoek. Garaipena historikoa izan zen. Botswanako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen boskimanoen kanporaketa legez kanpokoa eta konstituzioaren kontrako izan zela. Auzitegiak azpimarratu zuenez, boskimanoek ehizarako eta bilketarako eskubidea zuten. Gainera, argi eta garbi utzi zuen boskimanoek ez zutela baimenik eskatu behar euren erreserban bizi ahal izateko.

Auzitegiko garaipena eskuratu ostean, boskimano asko erreserbara itzuli ziren, baina, pixkanaka-pixkanaka kanporatu dituzte berriz ere. Gobernuak auzitara jo ez bazuen ere, indigenen itzulera eragozteko politikei eutsi die, nazioarteko enpresek ustiatzen dituzten diamanteen truke diru iturri ugari baititu. Boskimanoek, bien bitartean, beraien oinarrizko eskubideak zapal ez ditzaten irmo jarraitzen dute borrokan, egunen batean oihanera itzuliko direlakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.