Albistea entzun

Literatura. 'HIRU GUTUN IRUÑETIK'

Memoria jasanezinari erronka

Bixente Serrano Izko -

2012ko uztailak 22

Egilea: Patxi Zubizarreta.

Argitaletxea: Pamiela.

Patxi Zubizarreta idazle bat dugu etengabe miresten gaituena proposamen narratibo formal berriekin. Esperimentu saioak dira, landuak eta ongi ere ongi lortuak, garai zaharragoetan hainbat irakurleri zailak suertatu eta ahalegin handiak eskatzen zizkioten abangoardismo haietan tematu gabe. Baina berauen baliabide batzuetaz, jada irakurlegoak gutxi-asko asimilatu dituen horietaz, baliatzen da aise eta eroso, alde batetik, eta bertzetik, irudi eta ikus-entzunezko garai berrietan, hitzaren ahalmena eta irudien gertutasun-indarra uztartzeko apustuak dira Zubizarretaren narraziogintzarenak. Emaitzak, hemen nauzuen irakurle honentzat, aberats eta kilikagarriak.

Gaurko Hiru gutun Iruñetik, halere, konbentzionalagoa da formalki, hitz hutsezko narrazioari dagozkion kodeen aldetik. Baina, hori bai, aurreko obra guztietan landu dituen erregistro aniztasuna, pertsonaiengana hurbiltzeko hainbat modu eta egituraketa zaindua zerbitzatu dizkigu honetan ere. Izan ere, hiru atal nagusi ditu eleberriak, ezberdinak erregistroetan eta hala pertsonaiak nola gertaerak aurkezteko moduetan.

Lehen atala gutunen gurutzaketa hutsa da, bere horretan. Haurtzarotik Ordizian lagun-min egin diren biren artekoa, 1935-1936 tartean idatziak. Bata, Gabriel Arratibel, soldaduskan dago Afrikan; bertzea, Rafael Zubeldia, odol-zerbitzurako ezgai, etxean gelditu da. Gutunez gutun, garai haietako testuinguru historikoan, bien arteko distantziamendu ideologiko eta pertsonala antzematen doa. Mundu zabalera irekiko zaizkiolakoan begiak, faxista bihurtuko da soldadua. Rafael, aldiz, bere munduari atxikirik gelditu, Gabrielen gomendioak gorabehera: «Atera zulotik, atera txokotik, eta laino artetik. Egin hegan!».

Bigarren atala deskriptibo eta narratiboa da, guztiz, hirugarren pertsonan kontatua, Rafael Zubeldiarengan zentraturik, Francoren gerra bukatu berria. Rafael preso eta frankismoak antolaturiko Langileen Batailoi batean, Bidankozera bidalia. Hango esperientziak, nekeak, bizi —eta hil—moduak, Edurne Beaumont eta Fernando Mendiolaren Esclavos del franquismo en el Pirineo ikerketa historiko eta testigantza-bilduma oinarri harturik, horiexek lehengaiak. Baina sen narratibo handiarekin eginik, oinarri errealistak ez dio indar espresiborik kentzen kontakizunari. Hara hurbilduko da, teniente gisa, Gabriel, eta horrela joanen da harilkatuz eleberriaren trama zentrala, bi lagun ohien arteko harreman berrien inguruan.

Hirugarren atala, hirugarren pertsonan kontatua hori ere, baina bertze erregistro batean. Narratzaileak zuka eginen dio Rafael protagonistari —«Sendagileak hilik zaudela ziurtatu baino hogeita bat egun lehenago», horrelako hasierak dituzte azpiatal guztiek, egunez egun zenbakia aldaturik—. Protagonistari enpatikoki hurbiltzeko erregistro efikaza, bai eta tramaren amaierari begira tentsioa, drama-giroa eta irakurlearen interesa biziarazteko ere. Halako tonu elegiakoa lortu du atal bizi eta gertutasun handiko horretan, non kanpai hotsek ere beren funtzio adierazkor sinbolikoa betetzen duten.

Alberto de Olmosen aipu bat jarri du egileak, eraikuntza narratiboaren frontispizio gisa: «Aurreiritziak dira, bai, baina ezin ditut gerra zibilari buruzko nobelak jasan […]». Erronka handia jo diola bere buruari adierazi nahian bezala, eta horrela dela deritzot, baina guztiz garaile atera da Patxi Zubizarreta. Garai latzen memoria historikoa berreskuratzeko, freskatzeko, geure baitan egosi eta geureganatzeko, memoriaren aurpegi jasanezinari eginiko erronka sortzailea eskaini digu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Herritarren mezu guztiak binilo batean eta MP3 batean jaso dituzte, eta kapsulan sartu, postalekin eta bi sortzaileen <em>selfie</em> batekin. ©ANDRES ETA MANOLO

Geroari orainalditik hizketan

Ainhoa Sarasola

'Ostempo Nuna' proiektuan, Imanol Espinazok eta Ander Fernandezek denborazko soinu kapsula batean bildu dituzte jendearen mezuak. Bidasoko uretan sartuko dute, bihar
Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsolariak, atzo, Iruñeko Laba aretoan. ©IDOIA ZABALETA / FOKU

Mozorroak gardenak zaizkie

Uxue Rey Gorraiz

Sustrai Colina eta Nerea Ibarzabal bertsoaren eta fikzioaren mugez solastatu dira Iruñeko Laba aretoan antolaturiko mahai inguruan, Kalakak literatur zikloaren parte. Besteak beste, bertsolariek sakon gogoetatu dute sinesgarritasunaz. Dudak azaldu dituzte «azal batzuetatik» kantatzeko zilegitasunari buruz.

 ©JON URBE / @FOKU

«Orkestrak etxean egin duen lanaren ondorio da nazioartean egindako bira»

Miren Mujika Telleria

Arrakastatsua izan da Euskadiko Orkestraren 2022-2023ko denboraldia, eta halakoa izan dadin prestatu dute datorrena ere, sona handiko zuzendari eta musikariak izango baitituzte lagun.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.