Literatura. 'IGELAK BENETAN HILTZEN DIRA'

Aztoramenean, giza-etologia

Bixente Serrano Izko.
2011ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Egilea: Iñaki Irasizabal.

Argitaletxea: Elkar.

Soziologo eta kazetari prestakuntza akademikoz, langile industrial ofizioz/ogibidez, horrela agertzen zaigu Iñaki Irasizabal bere fitxa teknikoan, eta idazle afizioz dela ondoriozta dezakegu haren obra literarioa, zazpi nobela ditu zerrendan, ikusiz gero. Ez dut haren obra osoa irakurri, baina ezagutzen dudan hirukotearekin, afizioz bai baina ofiziodun idazle ere dugula erran behar, nire aburuz. Jakin gabe ere bizitzaren zer sigi-sagek eraman duten prestakuntza akademikotik kanpoko ogibide batera, nabaria daafiziozko ofiziodun narraziogintzan ez zituela alferrik egin, ez kazetaritza, ez soziologia ikasketak. Kazetaritza izpiritua haren estilo eta erregistroetan dago; soziologoena, bere narrazioetarako magma, hondo, giro, are ardatz gisa ere, hartu dituen talde/tribu sozialetan.

Nobela beltz, thriller, suspense generotzat, hor nonbait, har omen daiteke Mendaroko txokolatea (2005), nire lotsarako ezagutzen ez dudana. Suspense osagaiak dituzte, era berean, Buruatxoriz beterik (2004) eta Gu bezalako heroiak (2009) ezagutzen ditudan bertze bi horiek, gaur komentatzera natorren Igelak benetan hiltzen dira azkeneko honek bezala. Baina badago lauetan —Mendarokoan, omen; bertze hiruetan, neu lekuko— ikerketa eta ikuspegi psiko-soziologiko bat, tribu mota ezberdinak aztertzeko nahia. Burua txoriz beterik eta Gu bezalako heroiak eleberrietan, familia-tribua dugu ikergai eta narrazio-eguratsa: sinkronikoa, bi belaunaldiko familiarena, lehenean: diakronikoagoa, historikoa ere zentzu horretan, bigarrenean. Gaurko Igelak… honetan, herri txiki bateko giro psiko-sozialean murgildu eta adierazteko asmoz bilbatu du narrazioa.

Baliteke irakurleren batek iriztea, hiri-kume berau eta burua herri txikien inguruko estereotipo mugiezinez beterik, tragedia gehiegi suertatzen direla horrelako eremu itxi batean. Alta, ez dira jada eremu itxiak gure herriak; bai dutela horiek bertzelako erritmo bat, bertzelako ezagutza eta kontrol bat auzoen artean, bertzelako harremanak komunitate horietako kideen artean, bertzelako ardatzak eguneko bizitza harilkatzerakoan, baina ez dago mintz irazgaitzik kanpoko mundutik, hurbileko hiritik datozen eraginentzat. Pederastia-eta mundua mundu denetik, giza-talde txikienetan ere, errealitate izan dugu: ez da inondik ere mundu moderno eta jainko gabetuak ekarritako zerbait; sinesgarria da, beraz, eleberri honetako herri-tribu estu batean. Droga mendekotasun moderno eta moderniaostekoa ere aspaldin hedatu zen gure jendartean, bazter guztietara. Eta osagai horien harira Irasizabalek bilbatu dituen dramen segida guztiz gertagarri da edozein txokotan, ez bakarrik hirietako erdigune edo aldiri marjinatuetan.

Suspense narratiboko osagai horiei izaera eta zertasun traszendenteagoa ematen diena herri-tribu horren magmaren azterketa psiko-soziala da. Auzo ia denek ezagutzen dute elkar, denek dute elkarren biografiaren, historia eta istorioen, ahul eta indar-guneen berri, nahikoa, naski, ika-mikak, hipotesiak, susmoak, beldurrak…, elkarren gainean (des)kargatzeko. Eta egurats horren barruan ezusteko gertaerak abiarazteko.

Suspensearen eta azterketa soziologikoaren osagaiekin saltsa berdea ontzerakoan, eleberriaren erregistro literarioa da, ene ustez, idazleak egoki baino egokiago landu duen bertze baliabide bat: kronikagile hutsa da narratzailea, bertakoa izanen ez balitz bezala bertan bizi dena, eta talaia hotz batetik aztertzen du jendearen aztoramena, etologia-kazetari baten erreportaje narratiboa izanen balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.