Kritika. Musika

Sakratuaren eztitasuna

2014ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Bilbao Ars Sacrum

Taldeak: Moskuko Patriarkatuko Korua, Lachrimae Consort, The American Spiritual Ensemble. Zuzendariak: Anatoli Grindenko, Philipe Foulon eta Everett McCorvey. Kontra tenorra: Rashid Ben Abdelsan. Tokia: Gizakundeko elizan. Egunak: Apirilak 9, 10 eta 12.

Goi mailari eutsi dio ,aurton ere, Bilbao 700 III. Millenium Fundazioak Aste santuaren atarian sei kontzerturen bidez antolatzen duen Eliz Musikako Jaialdiak. Hitz batez laburtzekotan, kalitatea hitza erabiliko dugu, eta, hori, alde gehienetatik begiratuta. Izan ere, programazioaren aldetik, taldeen aukeraketa bikaina izan da: erlijio edo estetika anitzen adierazpenak, eskuko egitarau erakargarria, testu onak, sarrerak oso merkeak... Horrek eragin du publiko heterogeneoaren etorrera andana, sarrerak amaitu arte askotan. Musikazaleek arrakasta lortuta eta elizaren erdialdetik atzeraino dagoen akustika eskasa entzuna izanda, galdera da: zer-nolako dimentsioa nahi diogu eman jaialdiari?

Musikaren alorrean, Moskuko Patriarkatuko Koruak antzinateko monasterioen abestiak eta elizetako musika ortodoxoa eskaini zizkigun, Anatoli Grindenkoren zuzendaritzapean. XVI. Mendeko Znameni izeneko abestiaren monodia gogorra izanik gure belarrientzat ,ez da oztoporik izan ibilbide historikoaren barrena gaurdaino sortu diren polifonia bertikalaren edo horizontalaren bidez gu liluratzeko. Beraz, talde hau indar handikoa da, eta oso gauza dinamikaren kontrasteak egiteko. Gainera, afinazio txukuna eta baxu sakonak miragarriak egiten ditu eskaletako do baxuraino.

Bestelako muturrean, beste behin ere, Bilbon, Lachrimae Consort taldeak, Philipe Foulon zuzendari eta musikari delarik, garaian garaiko instrumentuekin, Al -Andaluseko hiru kulturen musika, hau da, Erdi Aroko kristauen, musulmanen eta juduen musika eta kantu gozoak eman zizkigun Lorategi ilunaren egitarauren barruan. Kasu honetan, Rashid Ben Abdelsam Marokoko kontratenorrak ladinoz, erromantzez eta arabieraz idatzitako abestiak tartekatu zituen poesiaz eta samurtasunez. Bitxia!

Astea amaitzeko, Amerikako Estatu Batuetatik The American Spiritual Ensemble ahots taldea pianoren laguntzarekin etorri zitzaigun Everett McCorvey zuzendariaren eskutik. Esklabotzaren garaian sortutako abestiak afrikar jatorrizko ondarearekin eta zurien erlijiozko adierazpenekin nahastuta. Ahots ikasiak, bikainak, enpaste handikoak, bakarlari onak, kontzertuetako abesti eta musika guztiz landua, eta, batzuetan, larregi apainduak. Publikoaren azken apoteosia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.