Nguesso ziur da Kongoko Errepublikako bozak lehen itzulian irabaziko dituela

Sei presidentegaik hauteskundeak oztopatzeko deia egin diete jarraitzaileei, iruzurra izango delakoan

2009ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublikako presidentea, Denis Sassou Nguesso, ziur baino ziurrago dago gaurko bozak irabaziko dituela. Eta, hala, 25 urteko agintea beste zazpiz luzatuko duela. Hala adierazi zien herenegun Brazzaville hiriburuan hauteskunde aurreko azken mitina entzutera heldu ziren milaka jarraitzaileei: «Zalantzarik gabe, lehen itzulian jada nirea izango da garaipena».

Nguessoren iragarpena bete egingo dela diote beste hamabi presidentegaiek ere. Eta ez oposizioa ezin zatituagoa dagoelako, iruzurra izango den dudarik ez dutelako baizik. Haien arabera, horixe bera gertatu zen 2002an. Nazioarteko begiralerik gabeko hauteskunde haietan Nguessok botoen %89,41 eskuratu zituen, datu ofizialen arabera. Antzekoak izan ziren 2007ko Legebiltzarrerako bozetako eta iazko udal hauteskundeetako emaitzak ere. Biak ala biak estatuburuaren taldeak, PCT Kongoko Langileen Alderdiak, alde handiarekin irabazi zituen. Hori hala, hautagaietatik seikbozei boikota egiteko eskatu diete jarraitzaileei.

Bestelako irregulartasunak ere salatu dituzte. Irabazteko aukera handien zuen hautagaiari bozetara aurkeztea galarazi izana, esaterako. Ekainaren 18an Auzitegi Konstituzionalak atzera bota zuen Ange Edouard Pounguiren hautagaitza, baldintzak ez betetzeagatik. Joan deneko bi urtean ez dela herrialdean bizi izan argudiatu zuten epaileek.

Orain Mathias Dzon du aurkari nagusia Nguessok. Finantza ministroa izandakoa da. Eta abenduan BEAC Afrikako Erdialdeko Estatuen Banku Zentraleko zuzendari nazional kargua utzi zuen, presidentegai izateko. ADR Demokraziarako eta Errepublikarako Aliantza ordezkatuko du bozetan. Demokrazia irmotu eta ekonomia suspertuko duela agindu du Dzonek. Herrialdeak petrolio ugari du, baina kongoar gehienak pobreak dira. Itxura guztien arabera, ordea, Dzonek ez du zeregin handirik izango Nguessoren kontra.

Nguesso, gerrako jauna

Karrera politikoa 1968an hasi zuen Nguessok, Marien Ngouabi jenerala agintera eraman zuen estatu kolpean parte hartuta. Ngouabik PCT alderdia sortu,eta Nguesso Defentsa ministro izendatu zuen. 1977an Ngouabi hil egin zuten, ordea, estatu-kolpe saio batean. Horren ondoren, Hiombi Opangok heldu zion presidentetzari. Bi urte egin zituen karguan. 1979an estatu kolpea eman zuen Nguessok, eta bere gain hartu zituen presidentetza eta armadaren gidaritza.

Hala ere, 1992ko bozak galdu eta Pascal Lissoubak hartu zuen haren lekua. Bost urterako baino ez, ordea. Iraultza lehertu zen 1997an, Nguessok gidatuta. Ordutik etengabe izan da presidente.Gaur liskarrak izan daitezkeela ohartarazi dute giza eskubideen aldeko taldeek. Hori ekiditeko, 17.000 militar aterarazi ditu Gobernuak kalera. Bi milioi lagun deitu dituzte bozkatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.