Albistea entzun

Atea jotzen hasi dira

Euskadiko zazpi kirol federaziok eskatu dute nazioarteko erakundeetan ordezkaritza izatea: igeriketakoak, piraguismokoak, squashekoak, xakekoak, mahai tenisekoak, eskrimakoak eta automobilismokoak
<b>Eusko Jaurlaritzako, EKFBko eta eskaera egin duten zazpi kirol federazioetako ordezkariak, atzo, Itsas Museoan egindako agerraldian.</b>
Eusko Jaurlaritzako, EKFBko eta eskaera egin duten zazpi kirol federazioetako ordezkariak, atzo, Itsas Museoan egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Julen Etxeberria -

2022ko azaroak 25

Espainiako Kongresuak Kirolaren Legea onartu zuen azaroaren 3an. EAJk baiezkoa eman zion legeari PSOErekin ituna egin ostean. Bertan, zehaztu egin zituzten selekzioek nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko bete beharreko baldintzak. Horren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira, kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen.

Itunaren berri eman zen egunean bertan jakinarazi zuten gutxienez bi kirolek betetzen zituztela nazioartean lehiatzeko baldintza horiek: pilotak eta surfak. Bi kirol horietako Euskadiko federazioek aspaldi egina dute eskaera nazioarteko federazioan ordezkaritza izateko, baita futbolekoak, mendiko kiroletakoak, herri kiroletakoak, boxeokoak eta halterofiliakoak ere. Batzuek ezezkoa jaso dute jada, eta beste batzuk, ordea, zain daude oraindik.

Beste zazpi gehitu zaizkie. Euskal Kirol Federazioen Batasunak (EKFB) jakinarazi duenez, Euskadiko beste zazpi kirol federaziok egin dute eskaera nazioarteko erakundeetan ordezkaritza izateko, eta haiek antolatutako txapelketetan parte hartzeko. Hauek dira eskaera egin duten kirol federazioak: igeriketakoa, piraguismokoa, squashekoa, xakekoa, mahai tenisekoa, eskrimakoa eta automobilismokoa.

Atzo eman zuten horren berri, Bilboko Itsas Museoan egindako agerraldian. EKFBk sustatutako Basque Sport egitasmoaren barruan egin zuten. Bertan izan ziren Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisiko eta Kirol zuzendaria, Angel Gurrutxaga EKFBko presidentea, Leire Gerenabarrena EKFBko kudeatzailea eta eskaera egin duten zazpi federazioetako ordezkariak.

«Bide luze baten hasiera»

Iturriagak azaldu zuenez, zazpi federazio horien eskaerak «bide luze baten hasiera» besterik ez dira, baina erantzun egiten dio euskal gizartearen zati handi batek duen nahiari: kirol jardueran nazioartean ordezkaritza izateari. Azpimarratu zuenez, eskaera horiek ez doaz ez inoren, ez ezeren aurka: «Gure kirolaren eta kirolarien alde doaz. Gure kirolak nazioartean ordezkaritza izateko bidea hasia zegoen, eta Eusko Jaurlaritza bide horretan ari diren federazioen bidelagun izango da».

Gurrutxagak, berriz, esan zuen EKFBren helburua Kirol Legea betetzea dela, eta horrek dioela EKFBk «euskal kirol selekzioak sortzea eta garatzea babestu eta sustatu» beharra duela, baita horiek «txapelketa nazionaletan eta nazioartekoetan lehiatzea ere».

Basque Sport egitasmoaren barruan dago zazpi federazio horiek egindako eskaera. Horri erreparatu zion Gerenabarrenak. «Ona da euskal kirolarentzat eta kirolarientzat: haietako gehienei aukera eman diezaieke nazioarteko kirol esperientziak bizitzeko; haien kiroletan dagoen lehiakortasunagatik, agian, ez lukete halakorik bizitzeko aukerarik izango».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Euskal selekzioko jokalariak, 2017an, Txekiako Errepublikari sartutako gola ospatzen. Ipuruan jokatu zen neurketa hura. ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Aldarrikatzeko eta gozatzeko

Ainara Arratibel Gascon

Euskal selekzioak Txileren aurka jokatuko du, abenduaren 20an, Mendizorrotzan. Juanjo Arregi izango da selekzioaren hautatzaile berria, eta ondoan izango ditu Ainhoa Tirapu eta Sandra Ramajo
Dominik Livakovic Kroaziako atezaina, Japoniak jaurtitako penaltietako bat geratzen. ©FRIEDEMANN VOGEL / EFE

Amets handi baten zaindariak

Eñaut Agirrebengoa

Atezainen esku egoten da, hein batean, Munduko Kopa irabazteko giltza. Hala, ohi baino arreta handiagoa erakartzen dute. Qatarren «bikaintasunetik gertu» dabiltza, Juan Carlos Unzueren ustez.
Bi finalistak, atzo goizean, Zornotzako pilotalekuan egindako aurkezpenean. ©EMAKUME MASTER CUP

Lagunartekoa bainoago, lagunen arteko finala

Beñat Mujika Telleria

Finalerdiak aise irabazi ostean, garai bikainean iritsi dira Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga Lau eta Erdiko Emakume Master Cup Txapelketako finalera. Larunbatean jokatuko da finala, Zornotzan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...