Baloia aireratzea falta

Joventut egokitu zaio Baskoniari Espainiako Kopako final-laurdenetan. Euroligako beste hiru taldeak koadroaren beste aldean ariko dira

Baloia aireratzea falta.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Aurkari ezaguna izango du Baskoniak otsailaren 16tik 19ra Badalonan (Herrialde Katalanak) jokatuko den Espainiako Kopan. Etxean jokatuko duen Joventut izango du aurkari, 2019an eta 2021ean gertatu bezala. Otsailaren 17an jokatuko da neurketa (21:30). Sasoi honetan puntu bakarraren aldeagatik irabazi zuen Baskoniak ligako partida Buesa Arenan (84-83). Atzo egin zen zozketa, eta hauek izango dira final-laurdenetako beste hiru partidak: Real Madril-Valentzia; Bartzelona-Unicaja eta Tenerife-Kanaria Handia.

2009an irabazi zuen azken aldiz Baskoniak Espainiako Kopa, gasteiztarrek jokatu duten azken finala. Iaz Granadan jokatu zen Kopatik kanpo gelditu zen Baskonia, eta arantza hori Granadan bertan atera du aurten. Gainera, sasoi honetan ilusioa piztu da berriro ere Baskoniako zaleen artean. Azken zazpi partidetatik bost galdu baditu ere, taldea egiten ari den denboraldi onak lorpen handiekin amets egiteko aukera piztu die zaleei.

2019ko kanporaketan Joventutek irabazi zuen (89-98), eta Nico Laprovittolak historian arrastoa utzi zuen, 50 puntuko balorazioa lortu baitzuen —inoiz jokalari batek Kopan lortutako baloraziorik handiena—. 2021ean, ordea, mendekua hartu zuten gasteiztarrek 96-87 irabazita. Talde horretan zeuden oraindik Baskoniako jokalari diren Pierria Henry, Rokas Giedraitis, Tadas Sedekerskis, Sander Raieste eta Arturs Kurucs.

Gainera, pozik egoteko arrazoiak ditu Joan Peñarroyaren taldeak, Euroligan jokatzen duten beste hiru taldeak (Real Madril, Bartzelona eta Valentzia) koadroaren beste aldean arituko baitira. Hau da, finalean soilik jokatuko luke hiru talde horietako baten aurka. Bide errazena egokitu bazaio ere, Baskoniak aurkari gogorrak izango ditu aurrean: lehen partida irabaztea lortuko balu, Tenerife edo Kanaria Handia izango luke aurkari finalerdietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.