Albistea entzun

AFGANISTANGO HAUTESKUNDEAK

Hainbat salaketa aztertu ondoren, Karzai izendatu dute presidente

NBEko adituen ustez, hauteskundeetako irregulartasunek ez dute eraginik izan emaitza orokorrean

ERREDAKZIOA -

2004ko azaroak 4

Hamid Karzai Afganistango jarduneko gobernuko burua presidente izendatu zuten atzo. Herrialdeak 1919. urtean independentzia lortu zuenetik, pasa den urriaren 9an presidentetzarako lehen hauteskundeak egin zituzten, baina atzo arte ez zituzten emaitza ofizialak plazaratu. «Hamid Karzai jauna da hauteskundeen irabazlea. Afganistango lehen presidente aukeratua dela aldarrikatzen dugu», zioen oharra irakurri zuen Zakim Sha Hauteskunde Batzordeko buruak.

Shak hauteskunde eguna «baketsua» izan zela azpimarratu eta eskerrak eman zizkion Nazion Batuen Erakundeari prozesuan zehar «eskainitako laguntzagatik». Era berean, bozak prestatzen ari zirela hil zituzten Hauteskunde Batzordeko 17 langileak eta zauritutako 33ak gogoratu zituen. Baita duela sei egun ezezagun batzuek NBEko hiru langile bahitu izana gaitzetsi ere. Zenbaketaren datu ofizialen arabera, jasotako 8.128.942 botoen artean 4.442.247 Karzairen aldekoak izan dira. Beraz, botoen %54,4 eskuratu ondoren ez da bigarren itzuliaren beharrik izango. Karzairen areriorik hurbilena Junus Kanuni izan da. Honek 1.306.731 boto lortu ditu, hau da, %16,3. Hirugarren lekuan, berriz, Hajj Mohamed Mohakek geratu da, botoen %11,6ekin.

«Irregulartasunak»

Urriaren 9ko hauteskundeen ondoren Hamid Karzai Afganistango presidente berria ez beste hautagai guztiek «iruzurra» salatu zuten bozen egunean. Eta bozen zilegitasuna bermatzeko ikuskatzaile talde nagusiak ere «irregulartasunak» salatu zituen. NBEk eratutako eta hiru adituk osatutako taldeak hautagaien salaketak aztertu ondoren izendatu dute Karzai presidente.

«Hauteskunde egunean izandako irregulartasunek ez dute emaitza orokorretan eraginik izan», azaldu zuen Staffan Darnolf suediarrak, taldeko adituetako batek. «Hainbat arazo izan ziren... baina ezin izan zuten eraginik izan azken emaitzan», azaldu zuen adituen txostenak. Junus Kanunik Karzairen garaipena onartu zuen atzo baina, hala ere, azken emaitzei bere oniritzia emateko, irregulartasunak izan zirela onartzeko eskatu zion Hauteskunde Batzordeari.

Nazioartearen babesa

Garaipena dela-eta, Karzai zoriondu eta euren babesa eskaini zioten Gerhard Schroeder Alemaniako kantzilerrak eta Jaques Chirac Frantziako presidenteak. Schroederrek herrialdearen berreraikuntza lanetan Alemaniaren laguntza izaten jarraituko zuela adierazi zion presidente berriari. Jaques Chirac presidente frantziarrak ere irabazlea zoriondu eta hauteskundeei «garai historiko» iritzi zien, Frantziaren babesa eskaintzearekin batera.

NATOk ere zorionak eman zizkion gobernuburu berriari eta honen «ikuspegi demokratikoa» azpimarratu zuen.

Lehen hauteskunde hauetan %70eko parte hartzea izan da eta NATOk adierazi zuenez, hautesleak «pilaka» joan ziren bozkatzera, «euren hitza entzunarazteko».

-

BAHIKETA

 

Ostirala arte luzatu dute bahituak hiltzeko epea

Joan den ostegunean Nazio Batuen Erakundeko hiru langile bahitu zituzten Kabulen. Atzo eguerdian amaitzen zen bahituak hil edo askatzeko emandako epea, baina, Kabulgo irrati baten arabera, bahitzaileek datorren ostirala arte luzatu dute epea, negoziaketekin jarraitu ahal izateko. Joan den igandean Al Jazeera telebista katean igorritako bideo batean bahitzaileek atzo eguerdian NBEko langileak (Annetta Flannigan irlandarra, Shkipe Habibi albaniar-kosovoarra eta Angelito Nayan filipinarra) hilko zituela esan zuen, tropa atzerritarrak Afganistandik irten eta AEBek Guatanamoko basean (Kuba) dituzten presoak askatu ezean.

Kabulgo irratiaren esanetan, hainbat telefono dei jaso zituzten hainbat komunikabidetan. Dei horietan bahitzaileek ostirala arte atzeratu dute bahituak hiltzeko epea, eta beste baldintza batzuk ezarri zituzten: besteak beste, NBE Afganistandik ateratzea. Bahitzaileek azaldu zutenez, bahituak banandu egin dituzte, erreskateak galarazteko. Segurtasun indarrek hiruretako bat askatuz gero beste biak hiltzeko mehatxua ere egin zuten. Gainera, Afghan Islamic Press agentziaren arabera, 25 talibanen zerrenda eman diote bahitzaileek NBEri. Afganistanen preso dauden taliban horiek aske nahi dituzte bahitzaileek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Letoniako armadako soldadu bat, Bielorrusiarekiko mugan, burdin harizko hesi labanaduna altxatzen. ©VALDA KALNINA / EFE

Zigor gehiago Bielorrusiari

Gorka Berasategi Otamendi

Bruselak Lukaxenkoren gobernuaren kontrako neurri «murriztaileagoak» hartuko ditu, migratzaileei EBrako bidea errazteagatik. Mugetan hesiak finantzatzearen aurka mintzatu da Von der Leyen
 ©Maialen Andres, FOKU

“Gure taldearen gisakoek alde egitea nahi du Greziako Gobernuak"

Maria Ortega Zubiate, Gipuzkoako Hitza

Elkarte gastronomikoetako lapiko eta zartaginen artean hasi zen sukaldean Garcia Amiano; gaur egun, Europara sartzeko zain dauden milaka iheslariri ematen die jaten. Gastronomia bokaziotik militantziara eramanez egin du ibilbide luzea.

Gazte batzuk koronabirus proba egiteko zain, Moskun. ©MAXIM SHIPENKOV / EFE

Egunean mila hildakotik gora eragiten ari da COVID-19a Errusian

Arantxa Elizegi Egilegor

Moskun, oinarrizkoak ez diren zerbitzuak ixteko agindu dute azaroaren 7ra bitartean. Erresuma Batuan beste 40.000 kasu baino gehiago zenbatu dituzte hamargarren egunez
Guantanamoko atxilotze gunearen aurkako protesta bat, 2019an. ©EFE

AEBetako epaile batek ebatzi du preso bat legez kanpo dutela Guantanamon

Igor Susaeta

Asadullah Haroon Gul afganiarrak hamalau urte daramatza preso gune horretan. Magistratu federal batek defentsaren 'habeas corpus'-a onartu du

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.