Protestak indartu dira Lhasan, eta bi manifestari hil ditu Txinako Poliziak

Txinak Dalai Lamari egozten dio liskarrak piztea, hark dio tibetarren erresuminaren ondorio direla

2008ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Txinako okupazioaren aurka protesta ugari egin dituzte azken egunetan Lhasan (Tibet), baina atzokoak azken hogei urteetako okerrenak izan ziren. Manifestariek autoak eta dendak erre zituzten, eta Txinako Poliziak gogor zapaldu zituen protestetara bildutakoak; mediku iturrien arabera, liskarretan bi lagun hil zituzten segurtasun indarrek. Dalai Lama Tibeteko buruzagi politikoaren hitzetan, tibetarrek Txinarekiko duten «erresumin sustraitua» da liskarren oinarrian dagoena; baina Pekinen iritziz, guztiaren atzean Dalai Lamaren eskua baino ez dago. Hiriburuan dozenaka monje ere atxilotu zituzten. Hala ere, Gobernuak hedabideei ezarri dieten zentsura dela tarteko, zaila da benetako kopuruen berri jakitea.

«Tibetarren erresumina negoziazioen bidetik konpondu behar du Txinak, eta ez indarra erabiliz», azaldu du Dalai Lamak. Hala ere, tiroka hartu zituzten segurtasun indarrek manifestariak atzo, eta, lekukoen arabera, bi lagun hil ziren ondorioz. Zenbait iturrik, ordea, hildakoak gehiago ere izan daitezkeela adierazi dute. «Barkorren ari dira manifestatzen orain. Denda txinatarrak arpilatu dituzte, eta Poliziak jendetzaren aurka egin du tiro», ziurtatu du liskarrak bertatik bertara ikusi zituen lekuko batek. Barkor Lhasako auzo bat da. Txinan gehiengo diren han etniakoen eta txinatarren dendak suntsitu eta erre zituzten, baita ibilgailuak ere, «askatasuna Tibetentzat» oihukatzen zuten bitartean.

Protestak iragan astelehenean hasi zituzten monje budistek, hilabete honen hasieran independentziaren aldeko aldarriak egiteagatik atxilotutako hainbat monje askatzeko eskatuz. Halaber, Txinak Tibet indarrez hartu eta Dalai Lama erbesteratu zutela 49. urteurrenaren haritik, Txinaren okupazioa salatzeko manifestazioak egiteko asmoa agertu zuten monjeek. Poliziak horien aurka egindako jazarpena dela medio, monjeekin batera tibetar zibilak ere kalera irten dira, eta Indian, Nepalen eta Txinako hainbat probintziatan ere protestak egin dituzte.

Katmandun (Nepal), besteak beste, milaka monjek eta herritarrek Poliziak Lhasan izandako jarrera oldarkorra kritikatu zuten eta hilketak salatu zituzten. New Delhin (India) ere jende andana bildu zen Txinako enbaxadaren inguruetan hildako tibetarrekiko elkartasuna adierazteko. Hango segurtasun indarrek manifestaziora bildutako 40 tibetar atxilotu zituzten. Indian 10.000 tibetar bizi dira erbesteratuta, 1959ko matxinadaren ondoren hara ihes egin zutenetik. Dalai Lama bera ere erbestean bizi da Txinak Tibet indarrez hartu zuenetik.



ETSIPENA. Radio Free Asia irrati kate estatubatuarraren arabera, Deprung monasterioko bi monje -Deprungeko monjeek hasi zituzten astelehenean protestak- egoera oso larrian daude, zainak mozten saiatu ondoren. Kalsang eta Damchoe monjeek «etsipena» agertzeko moztu dituzte zainak. «Etsipena adierazteko beren buruei zauriak egin dizkioten monje gehiago ere badaude. Monasterio barnean ari dira protesta egiten», eman du aditzera Radio Free Asiak. Hain zuzen, Txinako soldaduek Lhasako monasterio nagusiak inguratu dituztelako eta handik kalera irteten utzi ez dietelako hasi dituzte protestak barruan. Gande monasterioko monjeek, berriz, gose greba hasi dute.

Europako Batasunak neurriz jokatzeko eta atxilotuak askatzeko eskatu dio Pekini. Tibeteko askatasunaren alde manifestatutako kideak atxilotzea gaitzetsi egin du estatuek aho batez onartutako ebazpenean. Erbesteko Gobernu tibetarrak, bestalde, nazioarteari bitartekaritza lanak egiteko eskatu dio. «Protesta baketsu moduan hasi ziren, eta ez dira indarrarekin konpondu behar», gehitu du Thupten Samphel bozeramaileak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.