Pirinioak zeharkatzen ari dira 220 gazte, errefuxiatuen gizarteratzea aldarrikatzeko

Abiatu dute Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialen X. mendi martxa. 700 kilometro eginen dituzte Euskal Herria eta Katalunia artean

Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Bidea eginen dute mendian zehar, errefuxiatuen egoeraz ohartarazteko. TSS Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialaren X. mendi martxa hasi da aste honetan. Hondarribitik abiatuta (Gipuzkoa), Pirinioak zeharkatuko dituzte 220 gaztek, eta Bartzelonara iritsiko dira uztailaren 20an. Guztira, 700 kilometro eginen dituzte 37 egunetan.

Atzo burutu zuten lehen etapa, Hondarribia eta Zabaldika artekoa (Nafarroa), Zure etorkizuna, zure erabakia lelopean. Ibilbideari ekin dioten gazteen artean daude Afganistango edota Ukrainako zenbait errefuxiatu, egoera zaurgarrian diren beste hainbat lagun eta baita Sei eta CEAR-Nafarroa elkarteetako kide ugari ere. Egitasmoan parte hartuko dute, bestalde, Euskal Herriko, Aragoiko eta Kataluniako 80 bat hezitzailek. «Guretzat, oso garrantzitsua da gazte hauei aukerak ematea gizarteratzeko, jendea ezagutzeko, ongi etorriak direla sentitzeko eta beren egoerari ikusgarritasuna emateko», azaldu du Irene Zendrerak, TSS Pirinioez Haraindiko Elkartasun Elkarte Sozialeko zuzendariak. Haren esanetan, horretarako baliabide garrantzitsua da Kantauri itsasoa eta Mediterraneoa lotuko dituen mendi martxa: «Gazte zaurgarriak boteretzen dituen proiektu soziala eta hezigarria da».

Gazte horietako bat da Abdelhadi marokoarra. Sorterritik ihes egin behar izan zuen, Europan etorkizun berri bat lortu ahal izateko. Haren esanetan, «gurasoei agur esatea» izan zen bere bizitzako une gogorrenenetako bat: «Niretzat, TSS eskola bat izan da, gauza mordoa ikasi ahal izan baitut; baina, horrez gain, etxe bat ere izan da, eta lagun ugari egin ditut hemen».

Orain arteko bidea gogorra izan da Mohamed Marron gazte marokoarrarentzat ere. Duela hiru urte zeharkatu zuen Ceutako muga (Espainia), kamioi baten azpiko aldean ezkutatuta: «Orduan galdu nuen beldurra».

Hamar urteko ibilbidea

2013an egin zuten mendi martxa lehenengo aldiz, eta, Zendrerak esan duenez, orduko helburuari eutsi diote aurtengo aldian ere: «Bazterketari aurre egitea du xede, egoera zaurgarrian diren gazteentzat aisialdirako eta harremanak lantzeko berdintasun espazio bat sustatuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.