Miren Narbaiza.

'Reality'-an

2016ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Disko bat grabatzeko astebete?», esan zidan amak estudiora sartu bezperan, ezin ulertuta zertan joan daitekeen denbora jada —ustez— egina den lan bat erregistratzeko. Baina denboraren nozioa bera ere aldatzen da bertan zaudela. Lan eta lan arituta ere, konturatzerako eguzkia berriz ere ezkutatu da. Oherakoan, energiak gorenean, burua abiadura maximoan, grabatutako azken teklatuen melodia ezin ezabatuta, ezin loak hartu. Eta goizetan motel, hamaikek zortziak dirudite, gauerdiak arratsaldea, astearteak igandea eta ostiralak astelehena.

Normala denez, estudioan entzerratzearen ondorioak ikusten hasi gara seigarren egunerako, eta egunez egun inguruarekin mimetizatuz goaz. Elkarren arropak janzten hasi gara, baten zapia, bestearen jaka eta ondokoaren txapela, eta batzuetan ezin seguru egon aurrean duzuna bateria jotzailea den, ala gitarrista bateria jotzailearen jertseaz. Zarauztarra eibartarrez entzun nuen aurrekoan: «oso ondo urten jatzu» esan zuen toma baten ostean, serio. Gustuak ere batu zaizkigu: earl gray te infusioaz ekiten diogu denok egunari, Toby Connorren soinu bandarekin. Eta errituan ezinbestekoa bilakatu da laranja garratzezko marmelada, «lehen hori gabe lasai asko bizi ginen, ba!», ze engantxe. Hainbeste orduz teknikariari so, haren esanekin hiztegi bat osatzen hasiak gara «delay tantatxo bat honi eta mundial geratuko da» esaera abiapuntu.

Azken egunotan nekea sumatzen hasi gara; tarte luzeetan zure txandaren zain, asperdurak elkarrizketa absurdoen kopurua nabarmen igo du. Lo zakutik lo zakura, lokartu aurreko jardunean ikusi dugu elkarbizitza aste hau reality baten parte izan zitekeela lasai asko: «Imajinatzen etxe guztian zehar segurtasunagatik instalatutako kamerak benetan streaming-ean gure bizitza erretrasmititzeko jarri dituztela musikari extremoak delako telebista saio amerikano horietako baterako?». Eskerrak denak duen amaiera; oraingoan, behintzat, momentu egokian iritsi da. Berriz elkarren falta sumatu eta zapore ona utzi digun diskoa entzuteko desiratzen gaude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.