500 gonbidatu inguru izango dira lehendakariaren biharko inbestidura saioan

2009ko maiatzaren 4a
18:31
Entzun
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izendatzeko bihar Eusko Legebiltzarrean egingo den inbestidura saioan politika eta gizarte arloko 500 gonbidatu inguru izango dira. Inbestidura saioa 9:30ean hasiko da.

Gonbidatuez gain, 300 kazetari inguru egongo dira, horien artean nazioarteko hainbat komunikabide.

Goizeko saioan Eusko Jaurlaritzako lehendakaritzarako bi hautagaiek -Patxi Lopez eta Juan Jose Ibarretxe- Jaurlaritza osatzeko programa aurkeztuko dute. Bakoitzak 45 minutu izango ditu horretarako.

Lopezen eta Ibarretxeren azalpenen ostean, goizeko saioa amaituko da.

15:30ean arratsaldeko saioari ekingo zaio. Orduan, legebiltzarkide bakoitzak -legebiltzarkide gutxien dituen alderditik hasi eta gehien dituenerako ordenean- Lopezen edo Ibarretxeren hautagaitza babesteko 30 minutu izango ditu.

Lehendakaritzarako bi hautagiek legebiltzarkideei erantzuteko aukera izango dute. Ondoren hamar minutuko atsedenaldia egingo dute eta horren ondotik lehendakariaren bozketa hasiko da.

Ezusterik ezean, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia izendatuko dute bihar Eusko Jaurlaritzako lehendakari, PSE-EEren beraren (25 parlamentari), PPren (13) eta UPDren (1) botoei esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.