2003ko akziodunen batzarrean onartu bezala, orain arte 11 kidek osatu dute EKTko Administrazio Kontseilua. Lehen kontseilua eratu zenetik bost urte bete direnez, orduan izendatutakoak aldatu eta berriro izendatzea egokitu gaurko batzarrean. Hala, bost urte bete dituztenen artean, zeregin berean jarraituko dute aurrerantzean Joxan Lizarribarrek, Joanmari Larrartek eta Pello Zabalak. Geroago sartutako Rebeka Arrarasek eta Maixan Merkapidek ere kide izaten jarraituko dute.
Aldiz, Mertxe Petralandak, Estitxu Breñasek, Xabier Kintanak, Joxemari Sorsek, Elene Barandiaranek eta Gotzon Hermosillak kargua utzi dute gaur. "Urteotan egindako lanagatik eskerrik beroenak" eman dizkie guztiei Lizarribarrek. Nestor Basterretxearen lan baten serigrafia eman diete kargua utzitako bakoitzari, oroigarri gisa.
Haien lekua lau kide berrik beteko dute aurrerantzean: Abel Ariznabarreta, Nagore Amondarain, Alazne Iruretagoiena eta Kristina Berasainek. Gaur hartu dute kargua, akziodunen batzarrak ontzat jotzean proposamena.
Abel Ariznabarreta. Diman (Bizkaia) jaio zen, 1952. urtean. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Historian Lizentziatua. EHUko irakaslea da gaur egun. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Hezkuntza sailburuordea eta Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria izan zen aurreko legegintzaldian.
Nagore Amondarain. Arantzazun (Bizkaia) jaio zen, 1979. urtean. Euskal Filologian lizentziatua. Arabako Ikastolen Elkartean dihardu lanean gaur egun. BERRIAko zutabegilea da.
Alazne Iruretagoiena. Anoetan (Gipuzkoa) jaioa 1972. urtean. Soziologia Ikasketak egin zituen Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) Iragarri agentzia komertzialeko telemarketin arduraduna da.
Kristina Berasain. Lizarran (Nafarroa) jaio zen, 1973. urtean. Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) Kazetaritzan Lizentziatua. BERRIAko Mundua saileko arduraduna da gaur egun. Aurretik Diario de Noticias, Egin, EITB, TVEn eta Egunkaria-n aritu zen kazetari lanak egiten.
Abel Ariznabarreta, Nagore Amondarain, Alazne Iruretagoiena eta Kristina Berasain, EKTko kontseilari berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu