Washingtonen hasiko dituzte elkarrizketak, eta bi urtean akordioa itxita egotea espero dute. "Merkataritza, enplegua eta hazkunde ekonomikoa" bultzatuko ditu akordioak, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ziurtatu duenez.
Bi aldeen artean gai labainkorrak daudela onartu dute, eta gaiaz negoziatuko duten batzordeen oztopoak gainditzeko buruzagi gorenek parte hartu beharko dutela aitortu, baina "irudimena eta jarrera irekiarekin" egingo diete aurre erronka zailenei. "Gehiegi dago jokoan", jakinarazi du Herman van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak.
Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Italia eta AEBetako ordezkariek bilera egin dute G8koen hitzorduaren aurretik, negoziazioei bultzada politikoa emateko asmoz.