Iraken okupazioa

Ahmed Txalabi urteetan Irakeko oposizioaren buru izandakoa atxilotuko dutela iragarri du Bagdadek

2005eko urtarrilaren 22a
16:48
Entzun
Urteetan Saddam Husseinen aurkako oposizioaren buruzagi nagusi izan zen Ahmed Txalabi xiita atxilotuko dutela iragarri du gaur Irakeko Gobernuak. Txalabik Kurduen aurkako zenbait sarraskia gidatu zituela argudiatu du Irakeko Defentsa ministroak. Era berean, buruzagi xiita Interpolen esku lagatzea aztertzen ari direla agertu du, hain zuzen ere, Jordaniak iruzur ekonomiko handi bat leporatzen diolako. AEBek denbora askoan babestu zuten Txalabi, eta okupazioaren hasiera hura zuten Saddamen ondorengo Irakeko presidente izateko hautagai nagusi. Iazko maiatzean, ordea, Washingtonek Txalabiren aurkako jarrera hartu zuen, ustez Irango erregimenarekin loturak zituela eta.

Irakeko Batzar Nazionala alderdiko buruzagia da Txalabi, hots, hilaren 30ean egitekoak diren hauteskundeetan parte hartuko duen alderdi nagusietako batekoa.

Hazim Shaalam Irakeko Defentsa ministroak eman du Txalabi atxilotzeko asmoaren berri, zehazki, Quatargo Al Jazeera telebista kateari egindako adierazpenetan.

Saddam Husseinen erregimenaren aurkako oposizioaren buruzagi nagusia izan zen Txalabi urte askotan, erbesteko irakiararen burua. Hain zuzen ere, okupazio hasi zutenean AEBen erabateko babesa zuen Txalabik, eta bera zen Washingotnen hautagaia Saddamen ondorengo Irakeko presidente izateko.

Koalizioko indarrek aurreko presidentea boteretik kendu zutenean, ordea, botere borroka handia piztu zen ordu arte Irakeko oposizioko buru izandakoen artean, eta Iad Alaui egungo lehen ministroarekin enfrentamendu handiak izan ditu Txalabik. Iazko maiatzean galdu zuen Washingtonen babesa: AEBetako indarrak bere bulegoetan sartu ziren, Irango erregimenari laguntzen ari zela leporatuta.

Harrezkero, atxiloketa eta atentatu saioei aurre egin behar izan die buruzagi xiitak.

Atxiloketa justifikatzeko, Txalabik kurduen aurkako sarraskiak gidatu zituela eta buruzagi kurduak elkarren artean etsaitzen saiatu zela argudiatu du Irakeko Defentsa ministroa. Era berean, oroitarazi du Jordaniak politikari xiitaren aurkako nazioarteko bilaketa agindua ezarri zuela, ustez Petra bankuren bidez iruzur ekonomiko handia egiteagatik. Horregatik, atxilotu ondoren litekeena dela Txalabi Interpolen esku uztea adierazi du Defentsa ministroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.