Prisa komunikazio taldeak gaurkaleratu duenez, Joseba Egibar EAJko bozeramaileak, Arnaldo Otegi eta Joseba Permachekin batzartuz lotu du abertzaleen arteko hauteskunde koalizioa, "bere kabuz, eta EAJren zuzendaritza jakinaren gainean jarri gabe". Ser irrati kateak zabaldutako informazio hori ukatzera atera da komunikabideen aurrera buruzagi jeltzalea, EAJren Gasteizko egoitzan.
Joseba Egibarrek ukatu egin du alderdiaren zuzendaritzaren baimenik gabe ezker abertzalearekin ezer negoziatu edo kudeatu duenik. Are gehiago, asteburu honetan EAJri hitzez helarazitako proposamena dela esan du Egibarrek, Arzalluzek berak eta Ibarretxe lehendakariak berak honen berri bazutela eta argitu nahi izan duenez, proposamena jaso eta zabaltzeko misioa zuen Egibarrek.
"Gezur hutsa da, borobila, ezin daiteke maltzurrago jokatu, intoxikazio hutsa da eta gainera hori demostratu daitekeen kontua denez, azalduko ditut hainbat datu azaldu beharrean nagoelako".
Ser irrati kateak kaleratutako informazioa alderdiaren barrutik atera dela salatu du Joseba Egibarrek, eta helburua alderdikideen artean kezka sortzea dela esan du EAJren bozeramaileak.
Ezker abertzaleak Bergaran egindako proposamena "urgentziaz, prezipitazio handiz eginikoa" dela esan du Joseba Egibarrek. Hainbat gabezia duela azpimarratu, eta "garrantzitsuena sinesgarritasunik ez" duela. Prentsaurreko bat ez dela nahikoa horrelako zerbait esateko, esan du Egibarrek, eta denborak erakutsiko duela gabezia horiek beteko dituen ezker abertzaleak ala ez.
Erreakzioak
Alderdi barruko filtrazioa salatu du Egibarrek, "ez baitut ezer negoziatu ezker abertzalearekin"
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu