Alderdi berrien sorrera erne zainduko du Espainiako Gobernuak, ezker abertzaleak bide hori erabil dezakeelakoan

2008ko urtarrilaren 21a
17:54
Entzun
Mariano Fernandez Bermejo Espainiako Barne ministroak ziurtzat jo du EAE-ANV eta EHAKlegez kanpo utziko dituztela, eta, gainera, "epe laburrean" gertatuko dela. Ondorioz, ezker abertzaleak datorren martxoaren 9ko hauteskundeetan parte hartzeko beste alderdi bat erabiltzen saiatuko dela uste du Bermejok, eta agertu du hori eragozteko neurriak hartuko dituztela. Bereziki, alderdi berrien sorrera "erne" zainduko dutela, ezker abertzaleak bozetan parte hartzea eragozteko. "Guztiz erne gaude sinetsita baikaude bide horretatik saiatuko direla. Hauteskunde prozesu guztietan hala gertatu da. Ez da izan mundu horrek plan horiekin agertu nahi izan ez duen hauteskunde prozesurik", adierazi du.

Justizia ministroa ez ezik, Espainiako Auzitegi Nazionalean EAE-ANVren eta EHAKren legez kanporatzeari buruz erabaki behar duen Baltasar Garzon epailea ere mintzatu da auziaz. Gai horri buruz gehiegi eta "arinkeriaz" hitzegiten dela adierazi du Garzonek, eta sarritan judizialak ez diren irizpideen arabera. Sumarioa isilpean dagoela eta gaia irizpide judizial hutsen arabera erabaki behar dela azpimarratu du Garzonek.

Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak, berriz, hauteskundeak baino lehen EAE-ANVren jarduera etetea espero duela adierazi du. Espainiako Poliziak alderdi horri buruzko behin betiko txostena amaitzeko zain daudela agertu du, eta jasotakoan jardueren etetea eskatuko dutela iragarri.

Zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, Espainiako Poliziaren inteligentzia zerbitzuek datozen orduetan emango diote Garzoni EAE-ANVri buruzko txostena, eta txosten horrek abiatuko du legez kanporatze prozesua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.