Gipuzkoako Batzar Nagusiek Batasuna legez kanpo uzteko erabili zen Espainiako Alderdien Legea indargabetzeko eskatzen duen testua onartu dute gaurko saioan. EB-IUk aurkeztu zuen "berehalako indargabetzea" eskatzen duen arauz besteko proposamena, eta EAJk,EAk eta Aralarrek bozkatu dute haren alde. PSE-EEk eta PPk, aldiz, aurka bozkatu dute.
Hain zuzen ere, EB-IUko bozeramaileek PSE-EEri eskatu diote PPren jarreratik aldentzeko, "gutxienez, abstenituz", baina sozialistek ez dute aintzat hartu eskaera hori.
Onartutako testuan esaten da Alderdien Legea indargabetzea ezinbestekoa dela herritar guztien eskubideak bermatzeko; zehatzago, "herritar guztiek beren interesen edo ideologiaren araberako aukera politikoa hautatzeko duten eskubidea berreskura dezaten".
Bizkaiko Batzar Nagusiek eskaera bertsua onartu zuten apirilean.