Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra

2010eko irailaren 6a
14:08
Entzun
Euskal Herrian eszenatoki berri bat sortzeko pausu garrantzitsuak eman dira azken hilabeteetan. Ezker abertzaleak, Zutik Euskal Herria ebazpenarekin, prozesu demokratiko bat zabaltzeko atzera bueltarik ez duen bidea aurkeztu eta konpromiso sendoak bere egin ditu. Horrez gain, nazioartean ere beste hainbat pertsona eta eragile esanguratsuk gatazka bide politiko eta demokratikoetatik konpondu ahal izateko ekarpen garrantzitsuak egin dituzte. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, gertaera hauek guztiak oso baikorrak direla eta konponbide demokratiko batetik gertuago jartzen gaituztela pentsatzen du.

Zentzu horretan, ETAk atzo egindako iragarpena eszenatoki berri bat zabaltzeko garrantzia handiko urratsa dela baloratzen dugu.

Halaber, orain arte eman diren pausu guztiak ez dira nahikoak izango Estatuaren partetik gatazka demokratikoetatik konpondu ahal izateko inolako urratsik eman ezean. Estatuak azken hilabete luzeetan eszenatoki berri bat irekitzeko gertakizun garrantzitsuei errepresioarekin erantzun die. Atxiloketa aldietan tortura kasu larriak izan dira, ekimen politikoak debekatu dituzte, alderdi zein erakunde politikoen legez kanporatzean sakondu dute, bahiketa politikoak burutzen jarraitu dute, kontrolez eta kolore guztietako poliziez beterik daude Euskal Herriko errepide, kale eta mendiak. Horrez gain, preso politikoen aurka damutze politika bortitza jarri du indarrean, sakabanaketa politikan sakondu du nahierako leku aldatzeak eta isolamendu kasuak areagotuz, kondena luzatu diote preso politiko gehiagori eta gaixotasun larriak dituzten presoak espetxean mantendu dituzte. Senideen aurkako jazarpenak ez du etenik eta preso politikoekiko elkartasunak errepresioaren jomugan egoten jarraitzen du.

ETAren adierazpenaren aurrean ere errepresioa gehiago iragarri du Espainiako Gobernuak. Bide demokratikoen aldeko apustuaren aurrean errepresioaren eta biolentziaren aldeko jarrera erakutsi du Espainiako Gobernuak.

Honenbestez, argi baiezta daitekeena zera da: Estatuak biolentzia egoera bortitza ezarria du gurean, sufrimendu ikaragarria eragiten duena, eta gatazka egoera gordina iraunarazten duena. Estatuarena da gaur gaurkoz gure herrian ematen den biolentzia espresio nagusia.

Estatuaren jokabide errepresiboak Euskal Herrian gatazkaren konponbide politiko eta demokratikoa ekar dezakeen epealdi berri bat garatzea eragotzi nahi du. Aurrerako bidea itxi, eta errepresioaren norian gatazka egoera eta sufrimenduaren luzapena da Estatuaren partetik prozesu demokratiko bati jartzen ari zaion barrikada erraldoia. Prozesu demokratikoaren garapenerako beharrezkoa izango da Euskal Herrian indarrean den egoera antidemokratikoa gainditzea.

Estatuak Euskal Herrian garatu beharreko prozesu demokratikoari jarri dion barrikada altxatzeko deia egin nahi diogu euskal gizarteari. Egoera demokratiko berri bat sortzea funtsezkoa izango da prozesu demokratikoak bere bidea egin dezan. Estatuak ezarritako blokeoa gainditzeko,gutxiengo demokratikoen aldeko konpromiso irmoa eta sendoa eraiki behar da Euskal Herrian. Bide honetan herritarren presioa, mobilizazioa eta jarrera aktiboa ezinbestekoa izango da, eta horretara animatu nahi dugu Euskal Herria. Euskal Herritarrok egiten dugun lanaren emaitza izango da prozesu demokratikoaren garapena.

Gure aldetik elkarrizketa politikoaren bidez eskubide ororen bermea ekarri eta gatazka politikoa gaindituko duen egoeraren aldeko lanean jarraituko dugu.



Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimendua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.