Bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean Egunkaria-ko bost kideren aurkako epaiketa hasiko da eta Aralarrek auzipetu horien absoluzioa eskatu du.
Auzia "guztiz zentzugabea, injustua eta basakeria dela" uste du Jon Abril alderdiko koordinatzaileordeak. "Inoiz egin beharko ez litzatekeena. Inolako frogarik ez dago, eta adierazpen askatasunaren zein informazio eskubidearen kontrako urraketa izugarria da epaiketa hau", nabarmendu du Abrilek.
Aralarrek gaineratu du delitua ez dutela erakundeek egiten, eta pertsonak auzibidean jartzeko ez dela aski susmoak eta intentzioak biltzea, "egitateak behar dira, eta auziperatutako pertsona horiek ez dute inolako deliturik egin”, gehitu du Abrilek. “Auzipetuek urtetako lan militantearekin erakutsi dute euskararekiko konpromisoa, eta hori da hain zuzen ere epaituko dena, euskara bera, euskara erabiltzeko ahalegina eta euskalgintza zein herri mugimendua zigortu nahi da”.
Iratzarriko kideek (Aralarreko gazte erakundeak) kontzentrazioa egingo dute bihar Madrilen, JERC-ekin (ERCko gazteak) batera. Mikel Basabe eta Jon Abril alderdiko kideak ere, auzipetuei babesa eskaintzeko Madrilera joango direla adierazi dute.
Aralarrek 'Egunkaria auziko' kideen absoluzioa eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu