Fernandez Iradi eta beste bi lagun atxilotu ditu Poliziak Landetan
Iazko abenduan ere preso hartu zuten, baina Baionako polizia etxetik ihes egitea lortu zuen
ERREDAKZIOA - DONOSTIA
Ibon Fernandez Iradi ETAko ustezko kidea eta beste bi lagun atxilotu zituen atzo Frantziako Polizia Judizialak Mont-de-Marsan hirian, Landetan, Angel Acebes Espainiako Barne ministroak baieztatu zuenez. Beste atxilotuetako bat Garazi Aldana litzateke, polizi iturrien arabera, eta hirugarrenari buruz gizonezkoa zela baino ez zuten zehaztu. Fernandez Iradi joan den abenduaren 19an ere atxilotu zuten, baina bi egun geroago ihes egin zuen, Baionako polizia etxetik.
Polizi operazioa atzo arratsaldean egin zuten, 18:30ak aldera, atxilotutako bi gizonezkoak garaje batean zegoen ibilgailu batean sartzera zihoaztenean. Polizi iturrien arabera, bi atxilotuek armak zeramatzaten, baina ez zieten poliziei aurre egin. Garazi Aldana ondoren atxilotu zuten, etxebizitza batean. Etxea eta garajea miatu zituzten eta, Acebes ministroak jakinarazi zuenez, armak, agiri faltsuak eta bestelako agiriak atzeman zituzten etxebizitzan.Hiru atxilotuak Mont-de-Marsaneko polizia etxean zeuzkaten atzo gauean eta, Frantziako polizi iturriek adierazi zutenez, polizia etxeko segurtasun neurriak indartu egin zituzten, joan den abenduan Fernandez Iradik ihes egitea lortu zuela kontuan hartuta.
ETAko zuzendaritzako kide, Acebesen arabera
Acebesek Madrilen emandako prentsaurrekoan azaldu zuenez, Fernandez Iradi ETAko zuzendaritzara itzuli zen joan den urteko ihesaldiaren ondoren. Ministroaren arabera, komandoen ardura hartu zuen, duela urtebete atxilotu zutenean omen zuen ardura bera hain zuzen.
Ibon Fernandez Iradi 32 urteko lasartearrari Buruntza komandoko kide gisa hainbat atentatutan parte hartzea leporatzen dio Espaniako Poliziak, baina Frantzian 2001eko azaroaren 28an, Paue inguruan polizi kontrol batean jendarme bat tirokatu eta oso larri zauritu izana ere egozten diote.Iazko abenduan atxilotu zutenean atzeman omen zizkioten agirietan oinarrituta, joan den otsailetik lau polizi operazio egin ditu Euskal Herrian. Guztira 69 lagun atxilotu dituzte operazio horietan, eta horietatik 38 espetxean daude,Fernandez Iradiren atxiloketa «albiste izugarri ona» dela adierazi zuen PSE-EEko Rodolfo Aresek, eta «ETAren bukaera gero eta hurbilago» dagoela erakusten duela, berriz, PPko Rafael Hernandok.
IHESA
Ihesaldi sonatua, Baionako polizia etxeko ziegatik
Ibon Fernandez Iradi iazko abenduaren 19an atxilotu zuen Frantziako Poliziak. Polizia operazio hartan beste zortzi lagun ere atxilotu zituzten. Fernandez Iradi Baionako polizia etxera eraman zuten. Bi egun beranduago ihes egitea lortu zuen ziegako haizeberritze hoditik. Polizia iturrien arabera, hoditerietatik irten ostean, polizia etxeko barnebidetik pasa eta sotora jaitsi zen. Gero egoitzaren atzeko partetik irten zen.
Zainketan zegoen polizia sei ordu pasa ostean ohartu zen Fernandez Iradik ihes egin zuela. Gertaera horrek hautsak harrotu zituen Frantziako eta Espainiako polizia eta Barne saileko arduradunen artean. Nicolas Sarkozy Frantziako Barne ministroak polizien arduragabekeriari egotzi zien gertaera, eta hainbat polizia kargugabetu zituen. Haiek, berriz, segurtasun neurri zorrotzagoak eta baliabide gehiago eskatu zituzten.
Atxiloketari buruzko albistea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu