1. Zein da Bernard Tapie?
1980ko eta 1990eko hamarkadako pertsona publiko ezagunenetako bat da Bernard Tapie (Paris, 1943). Kantari gisa lortu ez zuen arrakasta erdietsi zuen enpresa munduan, kinka larrian zeuden enpresak goitik behera berregituratu eta berriro salduta. Terraillon, La Vie Claire, Look, Wonder eta beste batzuk igaro ziren bere eskuetatik 1980ko hamarkadan, eta 1990ean, berriz, bere proiektu kuttunena, Adidas. Hizkera zuzenak eta xarma pertsonalak lagunduta, izar mediatikoa bilakatu zen telebistan, eta kirol munduan sartzea erraztu zion horrek: La Vie Claire taldea osatu zuen Bernard Hinaulti bosgarren Tourra irabazten laguntzeko, eta 1986an Marseillako Olympique futbol taldea eskuratu eta haren urrezko aroa abiatu zuen, Jean Pierre Papin, Didier Deschamps, Abedi Pele eta Eric Cantonaren mailako jokalariekin. Aurreko jarduerekin nahikoa ez, eta politikan ere hasi zen, François Mitterrandek Tapieren moduko pertsonaiak nahi zituelako inguruan bere bigarren agintaldian kutsu berritzailea emateko. Ezkerreko taldeen mesfidantzarekin, legebiltzarrerako hautagai jarri zuen Mitterrandek, irabazteko ezinezkoa zirudien Bouches du Rhoneko barruti batean. Hauteskundeak galdu zituen, baina irregulartasunak izan ziren, eta bigarren aukeran irabazi zuen. Behin karguan zela, sona handia lortu zuen Jean Marie Le Pen ultraeskuindarrari eta, oro har, Fronte Nazionaleko hautesleei modu zuzenean eraso egiteagatik.
2. Non sortu zen auzia?
1992an, Edith Cresson lehen ministroa kargutik kendu zuen Mitterrandek, eta Pierre Beregovoy jarri zuen haren ordez. Gobernu berrian aurpegi berriak sartu nahi zituen, eta, PS aurka egonagatik, Tapieri Hirirako ministro izatea eskaini zion. Harentzat bereziki sortutako kargua zen, eta auzo baztertuen egoera hobetzeko helburua zuen. Baina baldintza bat jarri zion: bere enpresen jabetza uztea. Proposamena onartu zuen Tapiek. Saldu behar zuen enpresen artean izarra Adidas zen, kirol jantzietako enpresa alemaniarra. Bi urte lehenago erosi zien enpresaburu frantziarrak Adi Dassler sortzailearen seme-alabei, eta berregitu- raketa handia ari zen egiten. Galera handiak zituen Adidasek, eta Nike, Reebook eta beste lehiakideek aurretik egindakoa egitea erabaki zuen: Europako fabrika batzuk itxi eta ekoizpena herrialde merkeagoetara eraman zuen, banaketa sistemak modernizatu zituen, eta marketin kanpaina handia egin zuen —Tapiek aldatutako logoari eusten dio hogei urte geroago—.
3. Zer ikusteko du Credit Lyonnaisek aferan?
Tapieren enpresa taldearen banku nagusia SdBO zen, Credit Lyonnaisen filial bat. Hari agindu zion Adidasentzat erosle bat bilatzea, eta gutxieneko prezio bat markatu zion: 2.100 milioi libera, gaur egungo 472 milioi euro. Beste akordio bat ere izenpetu zuen Tapie CLrekin: beste enpresak banan-banan salduko zituela, eta horiekin lortutako dirua lehenik eta behin taldeak bankuarekin zuen zorra kitatzeko erabiliko zela. Bi parteen arteko harreman estua erakusteko, halaber, erabaki zuten bien artean inbertsio funts bat sortzea enpresa interesgarrietan parte hartze txikiak hartzeko.
4. Non sortu zen arazoa?
1993ko otsailean, CLk Adidas saldu zion Robert Louis Dreyfus enpresaburuari, doi-doi Tapiek finkatutako gutxieneko prezioan. Ministroak ez zuen protestarik egin. Geroago jakin zen, ordea, CLk ez zuela garbi jokatu: zerga paradisuetan espreski sortu zituen bi enpresari saldu zien Adidas, eta horiek arduratu ziren gero enpresa Dreyfusi saltzen. Operazio ezkutu horri esker, ia 400 milioi euroko irabazia lortu zuen bankuak.
5. Zer egin zuen Tapiek?
Ezer gutxi. Hasteko, urte batzuk pasa behar izan zirelako ustezko trikimailuaren berri izateko. Gainera, CLk beste mugimendu bat egin zuen Tapieren aurka, mingain gaiztoen arabera, ezkerraren barruan askok haren ibilbide politikoa zapuztu nahi zutelako. Kontua da CLk enpresa taldearen bankarrota adierazi zuela, eta, Frantziako legearen arabera, porrotean dagoenak legez debekatua du hartzekodunari aurka egitea.
6. Zergatik egin zuen porrot Tapieren enpresa taldeak?
CLk hala nahi izan zuelako, eta huskeria bat baliatu zuen hori egin ahal izateko. 1994ko martxoaren 24rako bere ondasunen balioari buruzko azterketa bat eman behar zion Tapiek bankuari. Ez zuen egin, eta martxoaren 25ean kontratua hautsitzat eman zuen CLk, Tapieren harridurarako. Akordiorik ez zegoenez, haren bidez atzeratutako zor ugari berehala ordaindu behar zituen Tapiek, baina, horretarako nahiko dirurik ez zuenez, porrot egoeran deklaratu zuten epaileek. Horrelako kasuetan ohikoak diren negoziazioak ez ziren izan, CLk ez zuelako nahi izan. Tapiek bere enpresak eta ondasun pertsonalak galdu zituen. Ordurako haren izarra itzaltzen ari zen: 1993ko martxoan ezkerrak hauteskundeak galdu zituen, eta, bi hilabete geroago, US Valenciennes futbol taldeak salatu zuen OMk jokalari batzuk partida erosi zietela. Auzi horregatik kondenatu zuten Tapie, eta bozetan emaitzak lortu arren —botoen %12 lortu zituen Europako Legebiltzarreko hauteskundeetan, Energie Radicale zerrendako buru—, ibilbide politikoa utzi behar izan zuen. 1997an bete zuen espetxe zigorra, hamar hilabetez. Handik ateratzean kantari eta aktore bezala lan egin zuen, eta enpresa mundura itzuli zen 2009an.
7. Zer du ikustekorik Frantziako Estatuak?
Credit Lyonnais guztiz Frantziako Estatuaren menpe geratu zen Mitterranden garaipenak ekarri zuen olatu nazionalizatzailean. Estatuaren zaintzapean hazi zuen hedatze politika arriskutsu bat, eta, horren ondorioz, porrot egiteko zorian izan zen 1993an. Parisko gobernuak banku txar bat sortu zuen CLren atal kaltetuak likidatzeko, CDR izenekoa. Hura ere auzitara eraman zuen Tapiek 1995ean, Adidasen salmenta dela eta.
8. Zer egin zuen Justiziak?
Afera hamabi urtez izan zen epaitegietan, gora eta behera. Lehen epaia Tapieren aldekoa izan zen, 1996an, baina hala izan dira ondoren iritsitakoak ere, baina CLren helegiteek lortu zuten enpresaburuak kalte-ordainik ez jasotzea. Azkenean, 2007an, bi parteek —Tapiek eta Estatuak, CDRren bidez— hitzartu zuten afera auzitegi penaletatik ateratzea eta arbitratze baten bidez konpontzea. Ohiko prozedura da hori enpresa edo pertsona pribatuen artean, baina lehen aldia zen estatuak parte hartzen zuena afera batean.
9. Zer erabaki zuten arbitratze epaileek?
Hiru epailek osatu zuten arbitratzea: Pierre Estoup Versaillesko Dei Auzitegiko presidente ohiak, Jean Denis Bredin abokatuak eta Pierre Mauzeaud Auzitegi Konstituzionaleko presidente izandakoak. 2008ko uztailaren 7an, arbitratze epaileek CDR zigortu zuten Tapieri 403 milioi euroren kalteordaina ordaintzera, horietatik 45 milioi kalte moralarengatik. Bi arrazoi aipatu zituen: CLk ez zuen leial jokatu bere bezeroarekin operazioa ezkutatzean, eta Adidasen salmentan bere interesen alde esku hartzeko debekua hautsi zuen.
10. Zer egin zuen estatuak?
Gobernuak, Christine Lagarde orduko Finantza ministroaren bidez, helegiterik ez jartzea erabaki zuen, eta isuna osorik ordaindu zion Tapieri. Erabaki horrek sutan jarri zituen ezkerreko eta zentroko oposizioko alderdiak. Salatu zuten Tapie 2007ko hauteskunde kanpainan Nicolas Sarkozyren alde agertu izana ordaintzen ari zitzaiola, eta arbitratze batzorde pribatuko kideen independentzia auzitan jarri zuten. Administrazio Auzitegian helegitea jarri zuten, baina hark arbitratzearen ebazpena berretsi zuen 2009ko urrian.
11. Auzia horrela itxi al zen?
Tapieri dagokiona bai, oraingoz; baina arbitratze batzordea sortzeko erabakiari buruzko auzia zabaldu zen. 2011n, Errepublikako Justizia Gorteak Lagarderen aurkako auzibidea ireki zuen, «boterea gehiegikeriaz erabiltzeagatik». Auzitegi hori da ministroak ikertu edo epaitu ditzakeen bakarra. Maiatzaren amaieran bi egunez luze galdekatu zuen, baina ez zen inputatzera ausartu. Lekuko lagundu izaera du, eta baliteke aurrerago haren aurkako akusazioa egitea. Behin eta berriro ukatu du Nicolas Sarkozyren agindua jaso zuela Tapieren aldeko arbitratze bat antolatzeko eta haren ebazpenari ez helegiteko. NDFko buruzagitza hartu zuenean jakina zen arazoak izan zitzakeela Justiziarekin, baina ez zitzaien garrantzia eman nahi izan. Lagarderen aurrekoak, Dominique Strauss-Kahn frantziarrak, bortxaketa afera bategatik dimisioa eman behar izan zuen.
12. Zer du ikustekorik Richardek auzian?
Gobernukide ez zirenen ardura ere ikertzeari ekin zion iaz gobernu sozialistak, boterea hartu eta gutxira. Ikerketapean dagoenetako bat da Stephane Richard, Orange-France Telecom enpresako kontseilari ordezkaria. Richard Lagarderen kabineteburua zen arbitratzea erabaki zen garaia, eta, ikertzaileek uste dutenez, berak kudeatu zuen. Astelehenean eta asteartean deklaratu zuen poliziaren aurrean, eta asteazkenean epaileak inputatu egin zuen, «iruzurra talde antolatuan» egin izana akusatuta. Oraingoz eutsi dio Orangeko buruzagitzari, baina baliteke gutxi irautea karguan. Estatua Orangeren %27ren jabe da, eta Fleur Pellerin Enpresa Txikien ministroak iradoki du ordezkatuko dutela.
Auziaren gakoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu