El Pais egunkariak aurreratu duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak ez du mintzakideen batzordea aurkezteko ekitaldiagatik Batasunaren aurkako, eta, bereziki, Arnaldo Otegi bozeramailearen kontrako, ekimenik abiatzeko asmorik. Era berean, Fiskaltzak ez luke Batasuneko zortzi buruzagik hilaren 31n eta ekainaren 1ean egin behar duten agerraldian espetxerik eskatzeko asmorik.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzako eta 5. Instrukzio Epaitegiko iturrriak aipatzen ditu El Pais-ek informazio hori emateko: fiskala eta Fernando Grande Marlaska epailea harremanetan izan bide dira, eta Batasunaren mintzakide batzordea aurkezteko ekitaldian ez dute delitu zantzurik sumatu. Delitu aukera baztertzeko, ekitaldi hori ez zela Batasunaren izenean egin, ez zela alderdi horren ikurrik erakutsi, eta negoziazio politikoa eskatzeko egin zutela arrazoitu dute.
Nolanahi ere, Batasuneko zortzi mahaikidek Auzitegi Nazionalean deklaratu behar dute hilaren 31n eta ekainaren 1ean, Grande Marlaskaren aurrean, inputatu gisa. Martxoaren 23an Mahai Nazionala aurkezteko egin zuten ekitaldiagatik deitu ditu deklaratzera epaileak, aurkezpen hori legez kanpoko ekintza izan zela iritzita. Arnaldo Otegi da deklaratzera deitu duenetako bat, nahiz eta pneumoniarekin gaixo zegoelako ez zuten ekitaldian parte hartu. Deklarazio hartze horien harira, zortzi mahaikideak espetxera ditzatela eskatzeko asmorik ez duela agertu du Fiskaltzak.
Joseba Permach Batasuneko mahaikideak atzo adierazi zuen zortzi lagun horiek espetxeratuz gero prozesua blokatu egingo litzatekeela.
Auzitegi Nazionalak ez du mintzakideen aurkezpenagatik Batasunaren aurka egiteko asmorik, Espainiako prentsaren arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu