Foruzainek azken astean zazpi pertsona atxilotu dituzte genero indarkeriarekin lotuta. Atxilotu guztiak epailearen esku geratu dira.
Lehen kasua maiatzaren 6an gertatu zen, asteazkenean. Egun horretan, Bortziriko herritar bat atzeman zuten foruzainek, ustez eraso sexuala egiten saiatzeagatik.
Maiatzaren 8an, ostiralean, Egueseko 66 urteko herritar bat atxilotu zuten, ustez bere bikotekideari tratu txar fisikoak eta psikologikoak emateagatik. Hurrengo egunean, larunbatean, dirudienez Castejongo gizonezko batek bere bikotekideari harreman sexualak izatera behartu nahi izan zion eta, ondoren, mehatxatu egin zuen. Foruzainek atxilotu egin zuten.
Maiatzaren 10ean, Tuterako, Agoitzeko eta Iruñeako hiru gizonezko atzeman zituzten foruzainek. Lehenengoari lege haustea egozten zaio, galarazita zeukan etxebizitza batera hurbildu baitzen. Agoitzen, emakumezko batek bere bikotekideak mehatxuak egin eta kolpeak eman zizkiola salatu zuen. Iruñean atxilotu zuten hirugarren gizonezkoa, bere bikotekideari erasotzea leporatuta.
Nafarroako genero indarkeriaren azken kasua atzo gertatu zen. Dirudienez, 31 urteko Atarrabiako herritar batek bere bikotekide ohia mehatxatu zuen.
Azken astean zazpi atxilotu izan dira Nafarroan genero indarkeriagatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu