Esperotakoa gertatu da eta finantza merkatuek izuarekin hartu dute Erresuma Batuak Europako Batasunetik ateratzeko erabakia. Neurri batean harrigarria bada ere, orain arte Londresko FTSE indizea da europarren artean gutxien erortzen ari dena, %5 inguru. Horren gainetik daude Frankfurt (%7), Paris (%8,5) eta Madril (ia %11). Asian, Tokiokoak %7,92 egin du atzera, bere historiako emaitzarik txarrena.
Dibisa merkatuetan eskuz esku ari dira jaisten libera esterlina eta euroa. Erresuma Batuko dirua %10 jaitsi zen lehen emaitzak zabaldu ondoren, hasieratik ikusten baitzen brexit-ek irabazteko aukera handiak zituela. Dolarrarekiko 1985eko mailara iritsi da une batean, baina goizak aurrera egin ahala pixka bat errekuperatu da, eta %7,5 ari zen galtzen goizaren erdialdean.
Euroarekiko ere balioa ari da galtzen, baina gutxiago, euroa bera ahultzenari delako brexitak euroguneko ekonomian izan dezakeen eragina dela eta.
Ingalaterrako Bankuaren erantzuna
Merkatuak lasaitzeko neurriak iragartzen hasi dira banku zentralak ere. Ingalaterrako Bankua izan da lehena. Gogorarazi du 250.000 milioi libera (310.000 miloi euro) prest dituela likidezia behar duenari laguntzeko. Izan ere, erreferendumaren emaitzak diru ihesa ekar dezake Erresuma Batutik, eta diru freskoaren faltan utz ditzake finantza erakunde batzuk.
Mark Carney Ingalaterrako Bankuko gobernadoreak esan du "zalantza eta doikuntza" aro bat zabaldu duela britainiarren erantzunak, baina lasaitasun mezua ere zabaldu nahi izan du, esanez bere erakundea "ongi prestaturik" dagoela egoerari erantzuteko. Brexitak ondorio ekonomiko kaltegarriak izango zituela iragarri zuen kanpainan.
Bankuak krisiaren hasieran baino egoera hobean daudela ziurtatu du, 2008an baino kapital handiagoa dutelako diru ihesei aurre egiteko.
Antzeko mezua zabaldu du Frankfurtetik Europako Banku Zentralak. "Finantza merkatuak gertutik ari gara jarraitzen eta harreman estuan gaude beste banku zentralekin. EBZ prest dago likidezia gehiago hornitzeko, eurotan zein atzerriko diruetan".
Ingalaterrako Bankuaren moduan, EBZ ere aldarrikatu du euroguneko banku sistema "sendoa" dela eta nahiko kapital eta likidezia baduela.