Batasuneko bost mahaikideak Espainiako Auzitegi Nazionalean dira

2006ko abuztuaren 10a
19:13
Entzun
Hamar bat minutuko atzerazpenez, 17:10 aldera iritsi dira MadrilenEspainiako Auzitegi Nazionalera Pernando Barrena, Anjel Mari Elkano, Hasier Arraiz, Haizpea Abrisketa eta Mikel Zubimendi Batasuneko mahaikideak. Kepa Landa abokatua lagun zutela sartu dira auzitegira. Inputatu gisa deitu ditu deklaratzera bost lagun horiek Garzonek, igandeko manifestazioaren harira. Manifestazioa galarazteko eskatu du Fiskaltzak.

Igandeko manifestazioaren harira deitu ditu bost mahaikideak Garzonek inputatu gisa deklaratzera. Manifestaziorako deia egin zuen Joseba Sayesek, berriz, atzo bertan behera utzi zuen deialdia, eta, ondorioz, inputatu gisa barik lekuko gisa deklaratu beharko du,19:00etan.

Manifestazioa deialdiaren harira

Barrena eta Elkano mahaikideek datorren igandean Donostian Euskal Herriak autodeterminazioa lelopean manifestazioa egingo zela iragarri zuten joan den larunbatean, "prozesua indartzeko helburuz". Hala ere, deialdi ofiziala ez zuen Batasunak egin, Joseba Sayesek herritar pribatu gisa baizik. Ondorioz, manifestazioa egiteko baimena eman zuen Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak, eskubideak indarrean zituen herritar batek antolatua zela, eta, beraz, galarazteko lege arrazoirik ez zegoela argudiatuta.

Bizkitartean, ordea, manifestazioaren eta Batasunaren aurkako ekimen judizialak abiatu zituen Garzon epaileak, eta Barrena, Elkano eta Sayes inputatu gisa deklaratzera deitu zituen. Zitazio horren ostean, Sayesek deialdia bertan behera utzi zuen atzo. Barrenak eta Elkanok, berriz, kazetarien aurrean agerraldia egin zuten Garzonen ekimenaren balorazioa egiteko. Gogor kritikatu zuten neurria, eta "arrisku biziko egoera" sortzea egotzi zioten PSOEri. Manifestazioari dagokionez, egungo testuinguruan halako ekimen batek "erabateko zentzua" izango lukeela esatera mugatu ziren.

Adierazpen horretatik, ordea, Garzonek ondorioztatu du Batasunak deialdiari eusten diola; areago, legez kanpoko deialdi baten ardura hartzen duela bere gain. Ondorioz, Barrena eta Elkano ez ezik, atzoko agerraldian alboan izan zituzten Haizpea Abrisketa, Hasier Arraiz eta Mikel Zubimendi mahaikideak ere inputatu gisa deklaratzera deitu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.