Lau minutu eta hogei segundo iraun du gaur Iruñeko sanferminetako aurreneko entzierroak, eta bederatzi lagun eraman dituzte erietxera, baina inor ez adarkadagatik. Haietako bi daude larrien, buruan hartutako kolpeengatik: estatubatuarra da bat -20 urte- eta hegoafrikarra -23 urte- bestea.
Beste zaurituen artean Iruñekoa da bat -E.S.O., 32 urte; belaunean zauria du; Estafetan hartu du kolpea- eta Lekunberrikoa (Nafarroa) bestea -J.M.E.A.; besoa hautsi du, Santo Domingon-; besteak atzerritarrak dira.
Udaletxe plaza pasatu eta Merkaderes kalean sartzean, Herederos de Conde de la Corte ganadutegiko bi zezen atzean geratu dira, eskubialdean bazterrera joan eta jendearekin talka egitean.
Zezen plazan, berriz, zezen bat barrerara joan da eta gazte bat aurrez aurre harrapatu du, baina ez dio adarrik sartu. Bukaeran, lehen zezenetik azkenekora arte minutu bat pasatu da.
Conde de la Corteko zezenak duela bederatzi urte etorri ziren azkeneko aldiz Iruñera.
Bederatzi lagun eraman dituzte erietxera lehen entzierroaren ondoren, kolpeengatik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu