Bihar deklaratuko dute Alvarezek eta Agirrek Garzonen aurrean

2007ko urriaren 3a
13:31
Entzun
Joseba Alvarez ezker abertzaleko buruzagi eta Oihana Agirre Askatasunakoak bihar deklaratuko dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epailearen aurrean. Espainiako Poliziak atzo atxilotu zituen biak Donostian, irailaren 9an Donostian egin zen euskal presoen aldeko manifestazioan parte hartu zutenez delitu jarraitua egitea leporatuta.

Atxilotu ondoren, Alvarezen eta Agirreren etxeak miatu zituen Espainiako Poliziak, Donostiako Parte Zaharrean eta Egia auzoan. Alvarezek Parte Zaharrean du bizilekua, eta 17:00ak inguruan hasi ziren miaketa lanak. Miaketa egiten ari zirela, dozenaka lagun bildu ziren Alvarezen etxearen kanpoaldean, eta atxiloketen eta Poliziaren kontrako oihuak egin zituzten. Herritarren eta Espainiako Poliziaren arteko tentsioa zela eta, 18:20ak aldera Espainiako Poliziaren beste furgoneta bat joan zen Parte Zaharrera. 19:00ak aldera bukatu zituzten miaketak, eta Espainiako Poliziaren furgoneta batean sartu zuten Alvarez. Orduan, herritarrek Poliziaren furgonetaren kontra egin zuten eta orduan izan ziren tentsio unerik handienak.

Atxiloketak salatzeko, hainbat mobilizazio antolatu zituen Askatasunak bi atxilotuen auzoetan. 20:00etan izan ziren eta ehunka lagun bildu ziren. Ez zen istilurik egon.

Askatasunaren iritziz, atzoko atxiloketak erabaki politikoaren ondorioa izan ziren, eta PSOEri egiten diote horren erantzule. «Egitasmo horrek Euskal Herriaren aldeko lan politikoa kriminalizatzea eta indargabetzea jasotzen ditu bere baitan». Espainiako Auzitegi Nazionala tresna errepresibo gisa erabiltzen dutela salatu du, eta euskal herritarren kontrako salbuespeneko neurriak erabiltzen dituztela ere adierazi du. «Auzitegi Nazionala arma errepresibo itzela bilakatu dute». Horren guztiaren aurrean Eusko Jaurlaritzako lehendakari Juan Jose Ibarretxek «ardura handia» duela adierazi du, presoen aldeko hainbat mobilizazio Jaurlaritzak berak debekatu baititu. «Ibarretxeren ardura azpimarratu nahi dugu, presoen aldeko manifestazioak bere erabakiz debekatu dituelako».

=bIrailaren 9ko manifestazioa=

Donostiako Kontxako Bandera jokatu zen egunean, irailaren 9an, euskal presoen aldeko ohiko manifestazioa antolatu zuen AAMk, eta auzitegiek martxa debekatu egin zuten arren, herritarrek egin egin zuten. Istiluak izan ziren Ertzaintzaren eta herritarren artean, eta ondorioz, bederatzi herritar atxilotu zituzten eta beste hamaika zauritu ziren.

Manifestazio horretan parte hartzeagatik atxilotu zuten Askatasuneko bozeramaile Juan Mari Olano. Atxiloketa hura ere Garzon epailearen aginduz egin zuten, eta «talde armatuan parte hartzea eta kale erasoak bultzatzea» leporatu zion. Epailearen aurretik igaro ondoren, baldintzarik gabe sartu zuten Olano Madrileko Soto del Realeko espetxean, eta oraindik ere kartzelaturik jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.