Bikotekidea jotzeaz akusatutako bost lagun epaileen aitzinera eraman dituzte Nafarroan

2008ko uztailaren 30a
17:17
Entzun
Nafarroako foruzainek bost lagun eraman dituzte epaileen aurrera aste honetan, herrialdeko hainbat epaitegitan. Bikotekidea jotzea leporatzen diete atxilotuei.

Atzo gizonezko bat atxilotu zuten, Orkoienen. Orioko (Gipuzkoa) 37 urteko laguna da, eta honen bikotekideak foruzainei adierazi zienez, mehatxatu egin zuen, baita tratu txarrak eman ere.

Iragan astelehenean 50 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Alesbesen. Emazteak salaketa jarri zuen haren kontra, tratu txar fisiko eta psikologikoak pairatu zituela argudiatuta. Bera eta adin txikiko bi seme-alaba Emakumeentzako Larrialdi Zentrora eraman zituzten, berak hala eskatuta.

Joan den igandean foruzainek Noaingo 56 urteko gizon bat atxilotu zuten herri hartan. Emazteak salaketa jarri zuen haren kontra, mehatxu eta umiliazioengatik. Horrexegatik laguntza psikologikoa eman behar izan zioten emakumeari. Salaketa jartzeaz gain, babesa eskatu zuen.

Lehenago, iragan ostiralean, Zintruenigoko Udaltzaingoari deitu zion emakume batek, bere bikotekideak jo eta iraindu zuela azalduta. Bikotekidea, 50 urteko gizonezkoa, atxilotu zuten gero foruzainek.

Era berean, joan den asteko ostegunean Kadreitako 39 urteko gizonezko bat atxilo hartu zuten herrian bertan, emazteak tratu txarrengatik salaketa paratu ondotik. Emakumeentzako Larrialdi Zentrora eraman zezaten galdegin zuen emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.