Bilboko Udalak 3.400.000 euro bideratuko ditu aurtengo Aste Nagusirako, Turismo eta Jaietarako zinegotzi Isabel Sanchezek jakitera eman duenez. Jaiak abuztuaren 16an hasiko dira, eta aurten 30 urte beteko dira herri ekimenari esker lehen aldiz egin zituztenetik.
Udaleko Festa Batzordeak hamaika ekitaldi prestatu ditu, "kalitate, irisgarritasun, doakotasun eta interes orokorrean oinarrituta", Sanchezek azaldu duenez.
Musika programazioa izango da, aurten ere, Bilboko Aste Nagusiaren ezaugarririk behinena. Tokiko pop-rock taldeen kontzertuak aurten Bailen kalean egingo dituzte, eta umeentzako antzezlanak Gasaren plazara aldatuko dituzte.
Horrez gain, musikarako beste zazpi gune izango dira hirian zehar.
Besteak beste, honako taldeek jardungo dute jendaurrean: Barricada, The Teenagers, El Barrio, eta Amaral, Botika Zaharra kalean; El Consorcio, Carlos Baute, eta Rosario, Abandoibarran; Mikel Urdangarin eta Kepa Junkera Plaza Barrian; Los Brincos eta Los 3 Sudamericanos, beste hainbaten artean, Pergolan.
Su artifizialei dagokienez, "aldi berezia" izango da, Udalaren arabera. Izan ere, Bilboko Hiria Lehiaketako azken bost aldietako irabazleek parte hartuko dute euren suzko lanak eskaintzen.
Kale antzerkia, umore emanaldiak, Udal Musika Bandaren kontzertuak, opera eta zarzuela emanaldiak, gastronomia txapelketak, bilbainada-k, Txikigunea, zezenketak eta bestelako ekitaldiak ere dastatu ahal izango dituzte bilbotarrek eta Bizkaiko hiriburura gerturatzen direnek.
Bilboko Udalak Aste Nagusirako 3,4 milioi euro bideratuko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu