Gabriel Gines, atzo Bilbon atentatuan zauritu zuten bizkartzainaren egoerak “hobera” egin duela jakinarazi du gaur Gurutzetako ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) medikuek, hark larri segitzen duen arren.
Bigarren eta hirugarren graduko erredurak dauzka Ginesek (36 urte) buruan, aurpegian, lepoan, besaurre batean eta eskuineko eskuan (gorputzaren %6an), eta atzo arratsaldean premiazko ebakuntza egin behar izan zioten. Halaber, zauriak ditu toraxeam eta eskubiko besoan.
Atzo eguerdian egin zuten atentatua, Abusu auzoan, Ginesek berak gidatzen zuen autoan. Indar txikikoa zen bonba itsatsia baina, gasolina biltegiaren ondoan zegoenez, sua eragin zuen eztandak. Suteak eragin zizkion zauriak bizkartzainari.
Juan Carlos Domingo Galdakaoko (Bizkaia) PSE-EEren zinegotziaren bizkartzaina da Gines, eta bakarrik zihoan autoan bonbak eztanda egin zuenean. Zinegotzia bera Valentzian (Herrialde Katalanak) zen oporretan, eta bizkartzainak jai eguna zuen.
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak emandako informazioaren arabera, amonalez osatuta zegoen lehergaia eta kilo bat inguru zuen.
Bizkartzainaren osasun egoerak “hobera” egin du, larri segitzen duen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu