Bush, zortzi urteko ekimen gerrazalea

2008ko azaroaren 5a
06:29
Entzun
Ameriketako Estatu Batuetako herritarren begirune izpirik gabe, eta mundu osoko milioika herritarren gorrotoa duela, bere ondorengoari lekukoa uzteko prestatzen ari da George Bush Etxe Zuriko buruzagia. Barack Obama eta John McCainen arteko norgehiagokak lausotuta, askorentzat AEBetako historiako presidente txarrena izan denak kargua utziko du 75 egun barru. Kanpainan barrena haren irudi txikia areago ezereztu da jendaurrean. Gobernuko eledunek diote Afganistango eta Irakeko gerrak kudeatzen ari dela buru-belarri, eta baita 2007ko abuztuan azaleratu zen finantza krisiari irtenbidea emateko eginahaletan. Obamari nahiz McCaini gerorako lanak ederki lotuta utzi nahi dizkie agidanez. Oinordetza txarra izango da dena den, konpondu gabeak direlako hiru auziak ere. Palestinaren eta Israelen artean urte amaierarako hitzeman zuen bakea lortu gabe joango da, halaber.

Bushek ez du kanpainan McCain errepublikanoen hautagaiaren aldeko hitzik ahotan izan. 2000ko bozetan, alderdiko hauteskunde primarioetan haren aurka galdu zuen McCainek ere Bushen iruditik ahal bezainbeste urrundu nahi izan du. Zortzi urte lehenago, Al Gore hautagai demokratari irabazteko bat egin zuten. Texasko estatuan heriotza zigorraren aldeko agintari sutsua izaki, segurtasunaren aldarriekin Etxe Zurira heldu zen Bush. Hala ere, Gorek herritarren aldetik boto gehiago jasotzeaz gain, Floridako estatuko zenbaketaren irregulartasunek dena korapilatu zuen. Zenbaketa ofizialari so, 573 botogatik irabazi zuen Bushek han, eta horiexek eman zioten boterea.

Nazioarteko politikari dagokionez, orduan adierazi zuen ez zuela nahi AEBetako tropak atzerriko herrialdeak eraikitzen laguntzeko erabiltzea. Hitzok oroimenean galdu ziren aro berria iragarri zuen gertaeraren ondorioz: irailaren 11ko atentatuak, munduko herrialde boteretsuena ahul bilakatuta, ekintzaile suizidek hilabeteetan prestatutako erasoaldiaren ondorioz. Dorre Bikietan, Pentagonoa jo zuen hegazkinaren erasoan eta Pennsylvanian erori zen hegazkinean 2.986 hildako izan ziren. Bushek Dorre Bikien hondakinen artean egin zituen adierazpenek zortzi urteotako AEBen politika gerrazalea adierazi zuten. Honela esan zien han lanean ari ziren beharginei: “Entzun ahal zaituztet. Munduak entzuten zaituzte. Eta eraikuntza hauek eraitsi dituztenek ere laster entzungo digute”.

Denborarik galdu gabe, eta heriotzek nazioartean eragin zuten samina bidelagun hartuta, terrorismoaren aurkako gerra abiatu zuen presidenteak nazioartearen sostenguaz. Edozein gerra zilegitzen saiatzeko etsai erdeinagarria eta krudela behar bada, Bushek bazuen berea: Osama bin Laden Al Kaedako burua, erasoen erantzule egin zutena. Ez zuen garrantzirik, lehenago, Afganistanen, Sobiet Batasunari jarkitzeko AEBek sostengua eman izanak.

Irailaren 11ko samina baliatuz

Behinolako aliatu leialak Afganistango talibanen erregimenaren babesa zuela adierazi zuen Etxe Zuriak, eta denbora gutxian menderatu zituzten haiek. Bin Ladenen arrastorik ere ez, ordea. Areago, talibanak garaitu arren, nazioarteak ez zuen guda amaigabeetan hondoratutako estatua baketzerik lortu. NBE Nazio Batuen Erakundearen saio antzuek, eta Hamid Karzai presidentearen aginte ahulak ez dute herrialdea egonkortzeko balio izan. Hilabeteotan indartu dira talibanen erasoak, eta haiekin negoziatu beharko dutela aitortu dute AEBek.

Afganistanen ondoren, Irakeko gerra etorri zen, gaizkiaren ardatzaren aurkako borrokan. Saddam Husseinen gobernuak suntsipen handiko armak zituela zin egin zuen Bushek, eta Al Kaedarekin lotura zuela. NBE gutxietsita 2003ko martxoaren 20an Iraken aurkako erasoa hasi zuten. Golkoko Gerran haren aitak gezur amarrua erabili bazuen, semeak bide berdina errepikatu zuen. Gerora frogatuko zen Iraken suntsipen handiko armarik ez zegoela.

Bitartean, terrorismoaren aurka dena zilegi zela emanda, Guantanamoko eta Abu Ghraibeko presondegiak tortura eremu bilakatu zituen gobernuak. CIAk Europan ezkutuan eginiko bidaiek ere ustezko ekintzaileei emandako tratu txarrak azalerazi zituzten. Segurtasunaren aitzakian Konstituzioaren oinarrizko eskubideak eta askatasun zibilak urratu ditu Etxe Zuriak. Susmagarritzat dituzten hiritarrei entzuketak egitea, eta auzitegietan norbere burua defendatzea ukatzea, besteren artean. Irakeko inbasioaren amarruek ez zioten Bushi 2004an bozak berriz irabaztea eragotzi-John Kerry zen demokraten hautagaia-baina azkenerako Irakeko eta Afganistango gerretako hilotzek behinola zuen onespena galduarazi zioten.

Bestalde, segurtasunaren aldeko borrokak ez zuen New Orleansen 2005eko abuztuan 1.464 lagun hiltzea saihestu. Katrina urakanak Louisianako hiria suntsitu zuen, eta askok Gobernuari egotzi zioten aurretik neurririk ez hartzea. Hala eta guztiz ere, klima aldaketaren aurka ingurumena babestea baztertu du Gobernuak.

2007ko abuztuan AEBetan eragindako finantza krisia oinordekoei utzitako hamaikagarren buruhaustea da. Kredituen emakiden desregularizazioak arrisku handiko maileguak hartzera gogatu zituen estatubatuarrak, eta azkenerako sistema hondoratu zuen. AEBetako ametsa amesgaizto bihurtzeko zorian, Bushek galtzak bete lan utziko dizkio 44. presidenteari, Obamari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.