Casadok dio Puigdemontek Companysek bezala amaitu dezakeela independentzia aldarrikatzen badu

2017ko urriaren 9a
17:55
Entzun

Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak ohartarazi du Kataluniako Legebiltzarrak independentzia aldarrikatzen badu neurriak hartuko dituela . "Eraginkorrak" izango direla esan du, baina "ahalik eta kalterik txikiena" egiten saiatuko direla. Ez du baztertu 155. artikulua aplikatzea.

Katalunian "legea eta demokrazia" ezarriko dutela ohartarazi du Cope irratian egin dioten elkarrizketa batean, eta Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuak behin eta berriz esan izan duena berretsi du: "legezkotasunera itzuli ezean", ez daukate negoziatzeko asmorik.

Companys bezala

Gainera, gaur, orain arte inork esan ez duena esan du Pablo Casado PPren Komunikazio idazkariordeak. Puigdemontek independentzia aldarrikatzen badu Lluis Companysek bezala amaitu dezakeela mehatxu egin dio. Companysek "Espainiako Errepublika Federalareko Estatu Katalana" aldarrikatu zuen 1934an. Preso sartu zuten, eta urte batzuek geroago, frankismoan, fusilatu. Casado geroago saiatu da esaten ez zela fusilatzeari buruz ari. "Garai hartan" gertatu zenari buruz ari zela esan du, "errespetatzen dut fusilatua izan zena edo ez zena. Alderdi honek ez du erreparorik konparaketak egiteko orduan".

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak jakinarazi du balizko independentzia aldarrikapen baten aurrean estatuak hartzen duen erabakia babestuko duela. Hala ere, Puigdemonti eskatu dio ez iristeko (DUI) Aldebakarreko Independentzia Aldarrikapena egitera. Bide hori utzi eta elkarrizketari eusteko eskatu dio: "Oraindik garaiz gaude".

Albert Rivera Ciudadanoseko bozeramaileak, berriz, bihar gertatzen denaren zain egon gabe 155. artikulua ezarri eta Kataluniako Autonomia eteteko eskatu du. "Kalte handiagoak saihesteko" ezarri behar da, haren ustez.

Nolanahi ere, Democrateseko bozeramaileak ohartarazi du behin independentzia aldarrikatu ostean 155. atikulua aplikatzeak ez duela eraginik izango, ez politikorik eta ez juridikorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.