CiUk dio ez duela Madrilen PSOE lagunduko, hau EAJren eta BNGren babesik gabe geratzen bada ere

2009ko martxoaren 2a
17:33
Entzun
CiUk Convergencia i Unio Kataluniako alderdi nazionalista moderatuak gaur esan du ez duela Espainiako Kongresuan PSOE lagunduko, honek EAJren eta BNG Bloke Nazionalista Galiziarraren babesa galduko balu ere.

Eusko Legebiltzarrerako eta Galiziako Parlamenturako hauteskundeen biharamunean eginiko adierazpen hauekin CiUk argi utzi nahi izan du hango legebiltzarretan gertatzen dena gertatzen dela, Madrilen PSOE sostengatu gabe jarraituko duela.

CiUko presidente Artur Masen iritziz, PSE-EEk ez du "eskrupulurik" izango "PPrekin naturaren kontrako ituna" sinatzeko, bozetako "irabazle garbia", EAJ, agintetik kentzeko, "Kataluniako bozetan [PSCk CiUren kontra] egin zuen bezala".

"EAJk lortu ditu inork baino diputatu eta boto gehiago, eta logikaz jokatuta, hark izan beharko luke gobernua osatzeko aukera".

Kataluniako Legebiltzarrean gehiengoa du CiUk, baina azken urteetan PSCk du gobernua Generalitatean, ERC Esquerra Republicana de Catalunyarekin eta ICV Iniciativa per Catalunya-Els Verts alderdiekin koalizioan.

Eusko Legebiltzarrerako bozetan, aldiz, baliteke PSE-EEk PPrekin (eta UPDrekin) koalizio gobernua osatu nahi izatea, edo, bestela EAJrekin.

Galizian PSOEren hango adarrak, PSdeGk BNGrekin gobernatu du azken lau urteetan, baina oraingoan PPk gehiengo absolutua berreskuratu egin du. Hortaz, sozialistek ezingo dute, printzipioz, berriz BNGrekin Galizian gobernatu.

Espainiako Kongresuan EAJ eta BNGren sostengua jaso du azken urteetan PSOEk, ez, ordea, CiUrena.

Koalizio eta sostengu jokoa elkarren menpekoa da, beraz, Santiago, Gasteiz, Bartzelona eta Madrilen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.